Eta emakume naizen aldetik, emakumeen jantzien inguruan hitz egingo dut, hori baita ezagutzen dudana. Azaleko gaia izan daiteke, noski. Eta denok ezagutzen duguna. Baina horrek ez du esan nahi konforme gaudenik edota egon behar dugunik.
Zeren... zenbat aldatu daitezke praken neurriak gorputz berean? Nire esperientziatik diot dendaren, modeloaren, markaren eta kolorearen arabera hiruzpalau neurri desberdin izan ditzakedala.
Nire inguruan maiz hitz egiten den arazoa ere bada. Eta diot: guk, gorputz normatiboa dugunok, horrelako arazoak izaten baditugu, nolako erronka izan daiteke arropa erostea lodia den pertsona batentzat? Zer-nolako frustrazioa izan daiteke sartzen zaren dendetatik %10ek soilik izatea zure gorputzeko neurria?
Body positive izeneko korronteak oso erraz saltzen digu gure gorputza maitatu eta gustatu behar zaigun ipuin hori, baina nola maitatu guztia kontran duzunean? Nola sinistu gaizki dagoena arropa dela eta ez zure gorputza, arropa eroso, polit, jasangarri eta ez gibela saltzeko bezain besteko garestia den jantzi hori lortzea ezinezkoa denean?
Zein testuinguru daukat nik nire gorputza maitatzeko? Akaso, gizarte honek ematen du baliabiderik horretarako? Gero, geure buruari galdetzen diogu nola egon daitezkeen elikadura-portaeraren nahasmenduak... Nola, ba, ez dira egongo? Pribilejio argalak duen indarrarekin? Nondik gatozen besterik ez dugu begiratu behar hori ulertzeko...
Eta, zer esanik ez, 14, 15, 16... urte dituen neskak, garatzen ari den gorputz horrek... Nola biziko du nerabezaroa eta gorputzaren aldaketa? Guztia kontran duen sistema batean?
Sua musika taldearen Ordu beltzak kantako estrofa batek ondo esaten duen bezala: Argal zein lodi ni berdina naiz beti / Itxura da gure kezka / Onartutako lista berrian nago / Hau da gure erronka / Zer da lekurik ez duen gorputza? / Konparazio hutsetan itota.