Ohartu gaitezen, ez dugu deserosotasuna sentitzen ezer ez egitearen ondorioz. Aspertzean gertatzen dena da norbere buruarekin konektatzen dugula. Barne ahotsari bolumena igotzen diogu. Hutsunea sentitzen dugu, bakardadeak besarkatzen gaitu, tristurak gain hartzen digu… Aurretik erreprimitu ditugun emozioak azaleratzen dira, bestela ere hor daude baina ez diegu erreparatzen. Ebaditzera ohituta gaude, hobeto esanda, ebasioan bizi gara. Mobila, telebista, ipad eta portatila, sare sozialak, Netflix, baita liburu eta irratia ere. Honekin ez dut esan nahi gailu guztiak txarrak direnik, ezta onak ere. Gailuak, erremintak dira, ez onak eta ez txarrak, tresnak baizik. Guk erremintekin egiten duguna da klabea, gure erabileraren arabera izango da tresna hori onuragarria edo kaltegarria. Irratia entzuteak ez du ezer txarrik, baina irratia une oro piztuta bizi banaiz nire pentsamenduak ez entzuteko eta nigandik ihes egiteko ez da onuragarria izango egiten dudan erabilpena. Ebaditzeak ez du ezer txarrik baldin eta kontzienteki egiten badut.
Entxufatuta bizi gara, baina erabat deskonektatuta. Ez dugu tarterik hartzen egiteari utzi eta besterik gabe egoteko, sentitzeko, norbere burua entzuteko. Buruan badugu okupa antzeko bat, etengabe ari zaigu hizketan, etengabe epaitzen, baloratzen, errieta egiten. Ze eratako pentsamenduak ditugun ohartzearen garrantzia izugarria da, nondik datozen ulertu eta egunerokotasunean mugatzen gaituztenaz jabetzeko. Gure beldur eta inseguritate gehienak ulertzera heldu gaitezke horrela eta ez hori bakarrik nondik jaso ditugun aztertu ere, gehienetan, ikasitakoak izaten dira eta, ez berezkoak.
Insomnio arazo asko dago egun, medikatuta bizi gara, somnifero, antsiolitiko eta antidepresiboak batez ere. Zer gertatzen ari da? Lo hartzeko unean bertan ezinezkoa da ebaditzea. Ohean sartu eta argia itzaltzean ez dago mobilik, ezta telebista zein libururik, eta orduan zer? Orduan gure pentsamenduek hartzen dute protagonismoa eta buelta bueltaka aritzen gara, gauza bat eta bestea dela. Pentsamendu horiek gestionatzeko bestelako moduak daude ordea. Animatu gaitezen egunero tartetxo bat hartzera, 10-20 minutu besterik ez bada ere, ez ezer egiteko, egoteko, sentitzeko, zure burua entzuteko. Behar beharrezkoa da emozioak identifikatu eta balidatzea, ondoren gestionatu ahal izateko; baita gorputzarekin konektatu eta gorputza entzutea. Hau egiten dugun heinean ez dugu ebaditzeko hainbeste behar izango, ebasioa ez da eta defentsa mekanismoa izango, kontzienteki egitea erabakitzen dugun zerbait baizik.
Hasieran deserosoa izan badaiteke ere, zin egiten dut merezi duela, horretarako konpromezua eta praktika behar badira ere.