... belaunaldi guztiei errepikatzen diezunak. Halako batean, 18 urterekin dedo eginez Suitzara albarikokeak jasotzera joan nintzela kontatzen diet, bi egun eta pikuko bidaia luzean. Edozein bazterretan lo eginez eta, behin hara helduta, baserriz baserri joanez lan bila. Irabazitako diruarekin bizikleta bat erosteko asmoz. Barre egiten zidaten ikasleek orain gutxira arte. Txantxetan ari nintzela uste zuten. Aurten, berriz, ez da barrerik entzun. Sinesgarri egin zaie.
Krisi ekonomikoan murgilduta gaude 2008a ezkero. Ez da gauza ona eta jende asko dago gure inguruan, gero eta gehiago, gaizki pasatzen ari dena. Baina aurretik hasi zen beste krisi bateaz arituko naiz ni. Gauza txarra da jendea diruz larri ibiltzea. Oso txarra. Baina honen aurretik bizi izan dugun egoera ere ez zen ona. Ez dugu jakin izan gure aberastasuna gestionatzen. Etxe askotan dirua "soberan" izan denez, gure seme-alabek ez dute ikasi zein den diruaren balioa. Bizikleta bat eskatu eta hor zegoen kristoren bizikletatzarra etxeko atarian handik gutxira. Telefono mugikorrena ere harritzekoa da. Edozein gelatara joanda, nirea da mugikor kaxkarrenetakoa.
Esfortzuaren kultura galdu dugu. Eta hezkuntzan modan dauden ereduek ere badute horren errua. Entretenitu egin behar ditugu ikasleak; ondo pasatuz ikasi. Erakargarriak egin behar ditugu gai guztiak. Ados nago horrekin. Baina ahaztu gabe azken finean esfortzuz ikasi behar dela. Esfortzua eskatzen duelako bizitzak.
Joango da krisi ekonomikoa. Baina garrantzitsua da krisi hau aprobetxatzea gizartearentzat hain garrantzitsuak diren balioak berreskuratzeko. Gizartekide guztion esfortzuaren bidez, lehenago eta hobeto aterako gara zulotik. Ezin dira gauzak hain errazak izan gure gazteentzat. Heren onerako. Eta gizarte honen etorkizunerako.