... eguzkiari begira zegoen bere teleskopioarekin. Beltzune erraldoiak zituen gure izarrak eta, haiek aztertzen ari zela, bi puntu distiratsu zuri ikusi zituen ingurunean. Hamazazpi ordu geroago, ezagutu dugun eguzki ekaitz bortitzenak eraso zuen Lurra. Iparreko herrialdetan inoiz ikusi diren aurora ederrenak sortu ziren; argitasunarekin gauez irakurri ahal zen. Mundu osoan zabaldu ziren aurorak, Kuba bezalako ezohiko lekuetan ere ikusiz. Garaiko teknologia apurrak dezente sufritu zuen eguzki erasoa. Asmatu berria zen telegrafoa eten egin zen.
Ez pentsa 1859koa dela izan dugun eguzki ekaitza bakarra. Ikusi izan dira aurora gorriak Pirinioetatik. 2003an azken aldiz. 1938an, Espainiako gerra zibilean, zerua gorritu egin zen urtarrilaren 25ean. Jende askok gerrak eragindako sutea zela pentsatu zuen. Baina aurorak ziren.
Dena den, bitxia izan zen 1859ko eguzki ekaitza, Eguzkiak bi eztanda izan zituelako jarraian. Lurraren eremu magnetikoa ahuldu zuen lehenak eta bigarrenak, Carrintongek ikusi zuena, bidea irekia aurkitu zuen. 400 urte dira eguzkia teleskopioz aztertzen hasi ginela. Eta behin bakarrik gertatu da horrelako zerbait. Ez da, zorionez, fenomeno arrunta.
Hamaika urtetik behin dago eguzkia bere aktibitatearen maximoan. Eguzki ziklo honetako maximoa 2013an zehar gertatuko da. Baina maximo apala izaten ari da eta ez dago, beraz, arrazoi berezirik kezkatzeko.
Hollywoodeko pelikuletan katastrofe guztiak New Yorken gertatzen diren bezala, badirudi denetarik gertatu behar zaigula guri orain. Maien munduaren bukaera, asteroideen erorketa, eguzkiaren ekaitz destruktiboak… Zein erraz zabaltzen diren tontakeriak Internetez! Ondo egingo dugu gure teknologia halako gauzei aurre egiteko prestatzen badugu. Baina beldurrik gabe, ez direlako gauza horiek, guztiak, bihar bertan gertatuko.