Helburu teoriko batekin: euskararen normalkuntza. Teorikoa, hogeita hamar urte hauetako praktikak beste zerbait erakutsi duelako. Komunikabide publiko guztiak bezala, agintariek euren ideiak zabaltzeko tresna garesti bat besterik ez delako EITB.
Gobernu guztiek egiten duten zerbait da. RTVEn gertatu dena ikustea besterik ez dago. Juan Ramon Lucas eta Toni Garrido, besteak beste, kanporatuak izan dira, euren programen audientzian behin eta berriz gora egin arren. Baina ez dezagun gure burua engainatu. Ez dira horiek eskuineko partiduen praktikak soilik. Teleirrati espainolean orain sartu direnak ere kalera joango dira gobernua berriz kolorez aldatzen denean, beste ezeri erreparatu gabe.
Dena den, hau guztia tristea bada, tristeagoa da EITBren errealitatea. Irrati eta telebistaren gaztelaniazko bertsioek audientzia gehiago dutenez, horien alde egin dute apustu jaurlaritza guztiek, komunikabide horren hasierako helburua alde batera utziz. Gaztelaniaz geroz eta gehiago egiten dute gure gazteek. Arazo konplexua da, baina komunikabide hauek erruaren zati majoa dutela uste dut. Entretenimenduko saio nagusiak gaztelaniaz egiten ditu ETBk. El conquis horren adibide. Gaztelania entretenimenduaren hizkuntza dela barneratzen dute gazteek. Euskara, berriz, asunto serioetarako dago.
Bereziki mingarria izan da uda honetan ETB2k emititu duen Conquis Tour ikustea. Lehenengo atala besterik ez nuen ikusi. Negargarria izan zen Bergarako euskaldunak gaztelaniaz hitz egiten ikustea. Non geratu dira komunikabide hauen sorkuntzako asmoak?
Ez dut komunikabide publikoetan sinesten. Ez du gizarte honek kalitatezko eta askeak diren komunikabideak izateko behar den kultura. Baina, gutxienez, manipulatzen jarraitu behar badute, euskara hutsean egin dezatela, mesedez.