... Euskal zibilizazioa liburuaren aurkezpen hitzaldian kontatzen zuen bezala, bereziak gara euskaldunak kanpotik datozen berrikuntzak asimilatzen. Onartu bai, baina egokitu egiten ditugu. Coca Cola, adibidez, onartu dugu, baina kalimotxoa sortu dugu amerikarren pozimarekin.
Antzeko fenomenoa gertatzen ari da bidegorri deituriko horiekin. Bitxikeria da norbait bizikletan ikustea gure inguruko bidegorrietatik; ibiltariak okupatu dituzte. Ibiltariak eta bizikleteroak bateragarriak direla diote batzuek. Guztientzat dira bidegorriak. Ziur? Kontxako bidegorritik bizikletak eta oinezkoak bide beretik joan al dira? Eta gure bailarakoetatik bai?
Kilometro batzuk egiten ditut urtero bizikletan. Okerreko bandoa aukeratu dut hor ere. Gaizki ikusita gaude bizikleteroak alde guztietan. Traba egiten dugu errepidean. Eta traba egiten dugu bidegorrietan ere. Ez dakit gure bailarako bidegorrietatik ibili zareten inoiz. Ohikoa da koadrilak paseatzen ikustea. Bidegorri guztia eurentzat hartuta, noski. Eta han agertzen naiz ni, nire bizikletarekin molestatzera. Barkamena eskatu behar duzu pasatzerakoan.
Gure errepideetatik bizikletan ibiltzea arriskutsua dela diote. Agian bihar bertan kamioi batek akabo nau, baina azkenaldi honetako arriskurik handiena bidegorri batean sentitu dut nik, patinatzen zihoan talde batekin gurutzatu nintzenean. Bide guztia hartzen zuten hauek ere, noski. Baina arriskua beraien txakurragatik izan nuen. Solte zihoan, alde batetik bestera, eta txiripaz ez nuen jan. Badirudi txakurrek ere ziklistekiko lehentasuna dutela hemengo bidegorrietan.
Honezkero berdin zait zela erabiltzen diren Debagoieneko bidegorriak. Karreteran ibiliko naiz ni. Baina, mesedez, kalimotxoari Coca Cola esaten ez diogun bezala, ez deitu bidegorri. Ibiligorri deitu.