Uste dut, gure bailaran behintzat, gehienok gaudela birziklatze osoaren alde, baina zein da hori lortzeko sistemarik egokiena?
Badirudi atez ateko sistema ezarriko dela gure artean. Sistema egokiena al da hori? Esperimentatu gabe, ezin alde edo aurkako iritzirik eman.
Badira, dena den, kezkatzen nauten zenbait puntu. Aukeratzen den sistema aukeratuta, erabiltzailearentzat erosoa izan behar du.
Ez du ematen zabor mota bakoitza ateratzeko egun konkretu batzuk izatea sistema komodoa denik. Kantitate mugatu batean, gainera. Horrek, toki aproposa izan edo ez, zaborra etxean pilatzera behartzen zaitu. Hala ere, gehien kezkatzen nauena zaborra ateratzerakoan kale egiten duzunean ematen diren abisuak dira. Zenbait abisuren ostean, multa etorriko dela suposatzen dut. Ez dakit zuei, baina niri George Orwellen 1984 nobelako Big Brother etorri zitzaidan burura horren berri izan nuenean. Kontrolpean gaude, motel.
Herri kontsulta egingo al da sistema berria martxan jarri aurretik? Sistema polita da kontsultena herri baten funtzionamendurako, baina arduraz erabili behar dena. Urte bat pasa da Bergaran dohaineko OTAren sistema ezarri zenetik. Ez dut uste hasiera batean herritarren gustukoa zenik, baina esperientziak erakutsi du onurak ekarri dizkiola herriari. Beste muturrera joanda, jakingo duzuen bezala erakunde publikoek dirutza jarri behar dute Athletic bezalako erakunde pribatu bati futbol zelai berria egiteko. Kapaz dira bilbotarrak, galdetuz gero, diru gutxi jarri dela esateko.
Dena den, ondo etorriko da zaborraren gestioaren sistema aldaketa herritar guztiak birziklatze osoaren beharrez kontzientziatzeko.
Eta, guztiz egokia ez bada, beti gaude garaiz sistema hobetzeko edota beste eredu batzuk praktikan jartzeko.