Betidanik ibili dira filosofoak eta zientzialariak galdera horren erantzuna aurkitu nahian. Bi gauza polemiko esaten ditu, honen harira, Stephen Hawking eta Leonard Mlodinowek idatzi duten The great design (El gran diseño) liburuak.
Alde batetik, eta komunikabideetan irakurri duzuen bezala, heren ustez posible izango dela Unibertsoa azaltzea Jainko baten parte hartzerik gabe. Eta, bestalde, filosofoek, oro har, ez dituztela fisikaren azken ehun urteetako aurrerakuntzak jarraitu eta, hori dela eta, eztabaida honetan zuten papera galdu egin dutela.
Gauzak horrela, polemika bila plazaratu den liburu baten aurrean gaudela dirudi.
Baina ez da hala. Filosofoena liburuaren lehenengo orrian dago; liburuaren azken orrian Jainkoarena. Eta, bi horien artean, mundu guztiak irakurri beharko lituzkeen beste berrehun bat orri. Zergatik? Gaur egun Unibertsoari buruz dakigunaren laburpen ona delako. Grezia klasikotik abiatuz, eskutik helduta gaur egungo fisikaren mundu harrigarrira arte eramaten gaitu. Edozeinek ulertzeko moduko eran. Eta formula bat bera ere idatzi gabe. Liburua exijentea da, hori bai, ikuspuntu batetik. Noizean behin burua altxatu beharko dugu, irakurri dugunari buruz pentsatzeko.
Benetan lortuko du zientziak Unibertsoa Jainko baten beharrik gabe azaltzea, liburu honek proposatzen duen bezala? Ezetz esan zuen Benediktok aurreko batean, liburu honen inguruan egindako deklarazio batzuetan.
Zorionez, aspaldi askatu zen zientzia erlijioaren uztarritik eta aurrera jarraituko du. Zer diote Hawking eta Mlodinowek honi buruz? Ba hori jakiteko, liburua irakurri beharko duzue. Ez dago, gure artean, zientzia dibulgazio liburuak irakurtzeko ohitura handirik. Ez da aukera txarra The great design, estreinaldirako.