Aparkalekua egiteko, Aranzadi Ikastolako patioa obra eremu bihurtuko da denbora luzez. Eskola ingurune batean tamaina honetako obra bat segurtasun aldetik erronka handia da eta neurri bereziak aurreikusi beharko lirateke. Zulaketa lanek sortuko dituzten zarata eta bibrazioek irakaskuntza jarduera normal bat ezinezko egingo dute. Nola bermatuko du Udalak halako obra handi bat irakaskuntza eraikin batetik hain metro gutxitara egin eta Ikastolak bere egunerokoarekin jarraitu ahal izatea gutxieneko baldintza duinetan? Obrak hastear daude eta galderak airean.
Erdigunean aparkaleku baten premia oso errotuta dago herriko biztanle eta dendarien artean; aurkako iritzia azaltzea ez da politikoki zuzena. Hala ere, denok dakigu gertuen dagoen denda ez dela aparkaleku bat ondoan duena, eskuan klik batera dagoena baizik. Hiritarra erdian kokatzen duen mugikortasun planifikazioa egitera behartuta daude gure agintariak. Bergaran aparkatzeko arazoak konpontzeko bide bakarra erdigunera sartzen diren ibilgailuak murriztea da, oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari lehentasuna emanez, Bergara guztiontzat herri bizigarriagoa izan dadin.
----------
Larraitz Uribesalgo Urizar
Bergara