Bazen behin erraustegi bat egiteak euren osasuna kaltetuko zuela eta eraikuntza munstro horrek zio ekonomikoei erantzuten ziela uste zuen jende masa kritikoa. Herrietan, jendartean, profesio talde ezberdinen aurrean eta herri-erakundeen aurrean erraustegiaren ondorioak azaldu eta moratoria bat eskatzeko helburuarekin antolatu zen jende multzo geroz eta handiago hau, lan eskerga eginez.
Hainbat udalerritan erraustegiaren aurkako kontzientzia piztu eta zaborraren bilketa selektiboari ekin zioten atez ateko sistema martxan jarriz, herritarrok hondakinak birziklatzen baditugu erraustegirik behar ez dugula erakutsiz, eta moratoriaren epea amaitzean erraustegiari behin betiko uko egitea beste erremediorik ez egonik. Eta halaxe, herri hauetan %86 birziklatzen da, besteetan birziklatzen den %26ren aurrean.
Halere, herria ez da inozoa eta dantzan jarri zen, Zubietan flash mob erraldoi bat eginez, 2.000 gipuzkoarrek moratoria eskatzen zuten bitartean. Lady Gagaren doinupeko flash mob hunkigarria, herriaren indarrak errealitatea alda dezakeela erakusten diguna. Herriak Lemoiz geratu zuen eta erraustegia ere geratuko du agian.
Lemoiz ona eta beharrezkoa zela zioten horiek orain Fukuyamakoarena present izanik ez dute gauza bera aurrez aurre esateko ausardiarik izango, baina erraustegiaren beharra justifikatzeko baliabideak onartzen ari dira. Oñatin, esaterako, iragan astean 5. edukiontziaren aldeko hautua egin dute PNV, PP, PSOE, ARALAR eta H1ek, edukiontzi honen erabilerak hondakinak guztiz bereiztea eta erabateko birziklapena lortzen ez duela gauza agerikoa den arren. Zer esan nahi digute alderdi hauek: Japonian bezala ezer ez dela gertatzen gertatzen den arte? Eta hala bazan eta ez bazan sar dadila gure ateetako kuboetan!