Tortura: epaiketak eta agerraldia

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Ugarte 2010ko aza. 5a, 13:00

Torturak: kolpeak, poltsa, duintasunaren txikitzea, pertsona umiliatu, deuseztea. Psikologikoki ahuldu, informazioa ahal bezain bizkorren, nola edo hala bildu, akusazioak asmatu eta atxilotuari egotzi… Eta euskal herritarrak izu-ikaratu.

Inpunitatea. Iragan astean bi epaiketa izan dira, bata Madrilen, bestea Donostian, bi gorputz polizialen aurka. Batean fiskalak ez du deliturik ikusten eta bestean Capbretongo gertaerek eragindako erotze kolektibo eta salbuespenezko bat baino ez. Eta guardia zibilak epaiketan barrezka, Estatua atzean edukitzeak ematen duen lasaitasunarekin. Eta polizia nazionala gazte independentistak atxilotu eta torturatzen, esanaz bezala, “begira, ze lasai gauden”, beste epaile baten aurrean txikituta eta inolako eskubiderik bermatu gabe deklaratzera eramaten dituzten bitartean.

Inpunitatea harrokeria bihurtu da eta Arrasateko lekukoak testigantza faltsua emateagatik erantzun beharko du agian. Antzerki juridiko-mediatiko bat bi kasu hauetan torturak egon diren edo ez aztertzeko. Idoia Mendia Justizia sailburuak zinismo guztiarekin zioen bezala Zuzenbide Estatuak funtzionatzen duenaren erakusgarri. Baina herri honetan denok, Idoia Mendiak barne, dakigu torturatu egiten dela, Igor, Mattin, Maite, egun hauetako gazteak eta orokorrean atxilotu gehienak. Tortura ez da isolatua, ez da polizia batzuen mendekua, estatu erabakia da eta hartara sistematikoa. Tortura ahalbidetzen du legez jarritako inkomunikazioak, zulo ilunetan zer gertatzen den jakin eta frogatzea guztiz zailtzen duenak, Auzitegi Nazionaleko epailearen begirada mespretxagarri eta inpasibleak, Rubalkabaren adierazpenek, alderdi politikoen isiltasunak.

Denok dakigu, bai, hemen torturatu egiten dela eta tortura ez dela zerbait isolatua. Baita  Iñaki Subijana Gipuzkoako Auzitegi Probintzialeko epaileak ere. Epaituak zigortzeko potroak izango dituen beste kontu bat da. Halere, Euskal Herriak larunbatean ozen aldarrikatu zuen bere epaia: torturatu bakar bat gehiago ez herri honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak