Hasieran, Euskal Piropoen Lehiaketa deitu zioten ekimenari, eta piropo hitzaren erabilerak gure aldetik sortzen dituen kezka eta ezegokitasuna azaldu diegunean, prest egon dira entzuteko eta ekimenaren titulua moldatzeko, Berba Goxoen Lehiaketa bihurtuz. Eskerrik asko, bene-benetan!
Askorentzat larregikoa izango da piropo berbagatik horrelako zalaparta sortzea; askok pentsatuko dute: "Ez da hainbesteraino". Baina, zoritxarrez, piropoek matxismoa islatzen dute. Piropoak kalean, ezezagunek, gehienetan emakumeei, inork eskatu gabeko hitz lizun eta begirada zikinak dira. Piropoek emakumeok gutxiesten gaituzte. Piropoek emakumeok haragi zati bihurtzen gaituzte. Piropoek emakumeok deseroso sentiarazten gaituzte.
Lagunei, familiakoei, seme-alabei, bikotekideari... zerbait goxoa adieraztea laudorioa, goraipamena, hitz goxoa, gorazarrea dira, ez piropoa.
Irailetik aurrera, Emakume Txokotik, piropo hitzaren esanahiaren inguruan denon artean hausnartzeko asmoa dugu. Gonbidatuta zaudete! Izango duzue gure berri.
----------
Larraitz Trojaola Berezibar
(Emakume Txokoko dinamizatzailea)
Arrasate