Hezkuntza-sistema atzeratua gobernuak zuen ezkutuko asmoaren estalkia izan da urteetan zehar: aberastea, hain zuzen. Honen adibide garbia dugu duela hilabete batzuk onartutako 3+2 dekretua, hiru urteko graduak eta bi urteko masterrak eginez. Honek, gradu tituluen balio-galera ekartzeaz gain, gehiengoarentzat kostu ordainezinak eta irakasleen kaleratze masiboak ekarriko ditu.
Hezkuntza-sistemak zeresan handia badu ere, eta honen inguruan gustura eta luze idatziko banu ere, hau ez da nire gaurko xedea, burmuin-ihes deituriko fenomenoa baizik.
Gazteak geroz eta prestatuago daudela ukaezina da; hala ere, ez dago ikasle hauek guztiak sostengatuko duen lan merkaturik, are gutxiago krisiak eztanda egin zuenetik. Graduaz gain, gaur egun beharrezkoak diren hainbat eta hainbat titulu lortzen badituzte ere, lan munduan sartzea askoren ilusio edo ametsean baino ez da gelditzen. Horregatik, makina bat dira etxeko giro goxoari agur esan eta lan bila atzerrira joaten diren gazteak, hemen hezitakoak eta beraien talentua kanpoan garatzen dutenak. Argi dago, beraz, hemen zerbait ez doala ondo: zulo ekonomiko ikaragarrian gaude –batzuek ezetz dioten arren– eta iluntasunetik ateratzeko gaitasun zein bideak dituztenak kanpora joaten dira.
Honegatik guztiagatik, berrikuntza baten beharrean gaudela aldarrikatzen dut. Gobernuak gure kontu aberasteari utzi, eta aberastasuna sortu dezaketen haiek hemen mantentzeko ahalegina egin beharko luke. Egoera ekonomiko zein sozial kaxkar honi amaiera jarri behar diogu, ama, aita, anai-arreba edo bestelako senideek ez dezaten berriz ere "atzerrira noa, lan baten bila" entzun. Ergelkeria hutsa da, dirua irabazi nahian, dirua sortu dezaketenak alde egiten uztea.