Historikoki eskolak garrantzi handia izan du, nola ez. Han sozializatzen da haurra; lagun-taldea egiten du; ikasketetarako eta bizitzarako oinarrizko egituraketa eraikitzen du eta ikasleak jatorritik ekar ditzakeen desabantailak leuntzen ahalegintzen da bere aukera berdintasuna bermatuz. Bere jendartearen aukera berdintasuna bermatzen ez duen gizartea bidegabea eta kohesio gabea da, non pertsona hauek kondenatuta egongo diren beraien egoera sozioekonomikoetara.
Gaur egungo hezkuntza ereduak helburu hauek ez ditu betetzen, ordea, eta, are gehiago esanda, pribatizazio sistematikora eraman gaitu. Honek hezkuntzaren merkantilizazioa ekarri duen moduan, segregazio eta giza eskubide urraketak eragin ditu Euskal Herrian.
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen esanetan: "Diru publikoa banatzeko irizpide bakarra, oraindik orain, kontzertazio unibertsala da. Madrilek markoa jarri eta EAEko Hezkuntza Sailak areagotu baino ez du egin sufritzen dugun sistema duala. Honen ondorioz, gaur egungo datuek lotsagarri izaten jarraitzen dute: adibide bat ematearren, pasa den apirilaren 21eko Diversidad y libertad izeneko txostenak (Esade-Save the Children) EAE laugarren postuan kokatzen du, ELGAko herrialdeen artean – Turkiaren, Lituaniaren eta Madrilen ondoren–, lehen hezkuntzako eskola-segregazioa neurtzen duen zerrendan. Estatu espainolean bere jatorriagatik ikasleak gehien segregatzen dituen erkidegoa da EAE, eta bigarren tokian dago egoera sozioekonomikoagatik egiten duen ikasleen bazterketan".
Hori horrela, argi dago EAEko hezkuntza sistema bi abiadurakoa dela: hezkuntza publikoa doakoa eta denontzat da; pribatua, aldiz, kuotak ordaintzen dituztenentzat. Familien aukeratzeko eskubidea aitzakia gisa erabiliz, egoera zaurgarrian dauden familiak aukeraketa horretan baztertuak izaten dira. Aukeraketa eskubide faltsu horrek hezkuntza-sisteman ondorio zuzenak ditu: eskola-segregazioa, hain zuzen ere.
Gizarte kohesionatua lortzeko ezinbestekoa da hezkuntzaren pribatizazioa amaitzea. Pribatizazioak eskola-segregazioa eragiten du eta ikasleak baztertzeko dinamikak areagotu egiten dira. Zerbitzu publikoen deuseztatzeak ateak irekitzen dizkio konpetentziaren logika merkantilistari. Hezkuntza eskubide moduan pertzibitzetik kontsumitzeko objektu gisa pertzibitzera pasatzen da; ondorioz, familiak bezero izatera pasatzen dira. Hezkuntza eskubidea ezin da familien egoera ekonomikoaren menpe egon, hezkuntza bera ezin da merkatuaren menpe egon. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 26. atalean irakur daitekeen bezala: Hezkuntza doakoa izango da; oinarrizko ikasketei dagokienez, behintzat. Oinarrizko ikasketak egitea derrigorrezkoa izango da; heziketa teknikoa eta lanbiderakoa, orokorra. Eta denek izango dute goi-mailako ikasketak egiteko aukera bera, norberaren merezimenduen arabera.
Hargatik, EAEko hezkuntza-sistema dualak ez du zentzurik; bi sare izateak lehia dakar, jendartearen desberdintasunak areagotzen ditu eta gizartearen haustura sortzen du.
Egungo egoera diskriminatzaileari muzin eginez eta hezkuntzako eragileekin lankidetzan aritu gabe, Hezkuntza Ituna kaleratzeko presa handia erakutsi dute zenbait politikarik.
Baina nire uste apalean, Hezkuntza Akordioak ez du sareen dualizazioa amaituko, baldin eta baldintza hauek betetzen ez baditu:
-Eskola publikoak administrazioaren lehentasun osoa izan behar du, hegemonikoa.
-Eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatu behar da udalerri eta auzo guztietan.
-Hezkuntza pribatu itunduari mugak jarri behar zaizkio.
-Pribatizazioa amaitu behar da.
-Ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudia adostu beharko luke.
-Euskarazko murgiltze eredua orokortu beharko luke, honekin inklusioaren eta integrazioaren bidean ez dauden hizkuntza ereduak baztertuz.
Horregatik, azaroaren 6an, Hezkuntza publikoaren alde! Pribatizazioari ez aldarria egingo da Bilboko kaleetan. Denona eta denontzat den eskola publiko bakarraren alde aterako gara Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearekin batera. Azaroaren 6an, 17:00etan, Bilbon elkar ikusiko dugu.