Puntua

Konfinamenduaren lehen asteak espero ez genuen egoera bati erantzuten aritu gara gurean. Batetik, familiaren beharrak –alaba zaindu, berarekin etengabe jolastu, gosari-bazkari-afariak, fardela kentzeko aukera hau aprobetxatu, zikindutako arropak garbitu, umea lokartu…–; etxeko lanak –erosketak, etxea garbi mantentzen saiatu, apalak ordenatu, noizbait egiteko geneukan zereginen bat egin…–; eta ingurukoak zaindu –gurasoak, anai-arrebak, familia, lagunak…–.

Bestetik, telelanaren bidez aritu gara lanean. Lehen aurrez aurre ematen genituen trebakuntza-saioak sareko plataforma bidez ematea egokitu zaigu. Saioen azalpen-bideoak grabatu, Moodle-n ariketak sortu eta gau eta egun jardun dugu ikasleen galderak erantzuten.

Dena espazio bakarrean, lau paretaren artean; astea, aste bukaera eta Aste Santuko oporrak kolore berdinez margotutako egutegia jarraituaz; asmatu ezinda zein zen gure momentuko rola: ama, irakaslea, laguna, ahizpa, alaba, irakaslea, lankidea, haurra… eta gure buruari tarte oso txikiak eskainita.

Esperientziak erakutsi digu jartzen ikasi beharra dauzkagula batetik besterako etenak; hau da, puntuak. Ekintzak eta zereginak aldatu, programatu, etxekoen artean ondo koordinatu…

Halaber, eten geldialdi hau oso baliagarria izan zaigu aurrez bagenekizkien zenbait ideia berresteko.

Bat: gizaki sozialak gara. Behar-beharrezkoa daukagu inguruko gizakiekin komunikatzea, besarkatzea, aurrez aurre hitz egitea. Telelana egitea proposatuko balidate orain, esango nuke astean gehienez bi egunetan egingo nukeela etxetik lan.

Bi: gauza txikiak baloratzea. Zer behar dugu momentu honetan daukaguna baino gehiago? Gehiegi geneukan eta urrunegi amesten genuen. Haurrek ere ez dute argi eta irudiz betetako jolas komertzialik behar. Ikusi dugu zein zoriontsu diren etxean birziklatutako materialekin egindako jolasekin, baita euren irudimenean dauzkaten milaka objekturekin ere. Patinetean aritzen gara etxeko korridorean, patineterik gabe.

Hiru: momentu honetan izugarri baloratzen dugu natura. Beharra daukagu bertan egoteko. Etxetik pauso batzuk egin, eta belardi eta basoetan arnasa hartzeko. Bertako fauna eta florak ere izugarri estimatu du eman diegun tregua hau.

Lau: Ondoko bizilagunak ezagutu ditugu. Harreman-sare ederra sortu da. Ondokoekiko gehiago pentsatzen hasi gara. Ahal diogunari eskua eskaini. Herriko komertzioetan kontsumitzeak duen garrantziaz jabetu gara eta herriko baserritarren lana balioetsi dugu.

Behartutako etena, proba-pilotua, esperimentua, oso baliagarri izango zaigu ondorioak ateratzeko guztion artean sortuko dugun gizarterako.

Etorkizunean ez baita ezer berdina izango, eta nahiko genukeen gizartea berrasmatzeko aukera ezin hobea daukagu esku artean.

Bukatzeko, etenak egiteak duen garrantzia aipatu dizuet sarreran. Gonbidatzen zaituztet zuek ere geldialdi hau erabil dezazuen zein hizkuntza-portaera izan nahi duzuen etorkizunean hausnartzeko.

A! Eta ez ahaztu Euskaraldiko puntua zuen leihoetan jarri!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak