Debagoiena eta injustizia klimatikoa

Erabiltzailearen aurpegia Lander Jimenez 2019ko urr. 31a, 07:36

Azkenaldian asko hitz egiten da pertsonen mugimendua murriztu nahi duten harresien gainean. Herri industrializatuen aberastasuna bermatu nahi duten harresiak dira horiek, baina betaurreko ekonomikoak alde batera utzita, ingurugiro betaurrekoak jartzeko kapaz bagara, orduan, pertsonen migrazio hauetan injustizia klimatikoaren aurpegia ikusten dugula jabetuko gara, eta aurpegi horiek begiek gureetara zuzenean begiratzen dutela. 2018an, herri industrializatuetan, munduko biztanleen %15 baino ez ginen. Zein da gure ardura migrazio klimatikoetan, ba? Honen erantzuna sakonki ulertzeko geure planetaren historian murgildu behar dugu. Izan ere, 4.600 milioi urteotan naturaren eta klimaren arteko harreman estua ulertzen laguntzen digute glaziazioek eta gu baino aurretik bizitako espezie ezberdinek. Dinosauroak, adibidez, duela 65 miloi urte desagertu baziren ere, 160 milioi urtez bizi izan ziren, nahiz eta gu baino burmuin txikiagoak izan. Haiek, aldiz, denbora hartan guztian ez zuten guk azken 150 urteotan eragin dugun kaltea eragin. Ez dago konparatzerik.

Industria iraultzaren eraginak

Industria iraultzak munduan izandako eraginak –karbono isurketen handitze harrigarriagatik– larrialdi klimatiko honetara eraman gaitu. Berotegi efektuko gasak dira klima aldaketak sorrarazten dituztenak: lehortze garai luzeagoak, ekaitz eta klima larrialdiak... Klima aldaketa areagotzen dugu berotegi efektuko gasekin eta ondorioak jadanik herri txiroenetan ikusten ditugu, hainbat hildako eragiten dituzten uholde eta lur mugimenduekin. Hain zuzen ere, halako adibide batzuk ekarri genituen irailaren amaieran, Gizabideak gonbidatuta, LKS KREANeko Mikel Cepedak eta biok Kulturaten egindako hitzaldira. Hain zuzen ere, herri ezberdinetan larrialdi klimatikoak eragindakoaren adibideak ekarri genituen. Besteak beste eta zoritxarrez, nola modelo klimatikoak bizitzak ipintzen dituen arriskuan. Chennaiko hirian gertatutakoa da adibide bat, 500 hildako baino gehiago eragin zituzten uholdeak sortarazi baitzituen han klima aldaketak. Eta noiz hasiko dira beste herrietako biztanleak geurera etortzen? Eta zergatik etorriko dira geurera? Erantzuna argia da. Izan ere, herri industrializatuetan ez dugu larrialdi klimatikoa horrenbeste sufritzen eta horrek eragingo du hegoaldekoak iparraldera etortzea. Baina zergatik arduratu behar dugu guk besteen larrialdiaz? Larrialdia eragin dutenak ardura daitezela, ezta?

Debagoienean, zer?

Naturaren errekurtsoen kontsumoa eta biztanle bakoitzeko isurketak konparatzen ditugunean ezberdintasunak nabarmenak dira. Bereziki, Europak, Ipar Amerikak eta Ekialde txikiak sortzen dituztenak biztanle bakoitzeko planetak jasan dezakeena baino gorago daudelako. Halaber, datu hauek Debagoienera ekartzen baditugu, injustizia klimatikoarekin aurrez aurre egingo dugu. Bagara iniziatibak argitaratutako datuen ondorioak argiak dira. Mundu osoko biztanleek Debagoieneko biztanleen bezain besteko isurketak sortuko balituzte, ez ginateke planeta bakar honekin moldatuko. Geure berotegi efektuko gasen eragina asetzeko ia lau planeta beharko genituzke. LKS KREANek garatutako txostenak adierazten duenak argi adierazten du Debagoienak injustizia klimatikoan duen ardura. Debagoienak historikoki aurre egin die giza injustizia desberdinei eta sentsibilitate handiz, ekinez, sortu ditu eredu berriak. Geure etorkizunak gauza bera eskatzen digu eta honi aurre egiteko betaurreko ekologikoak jartzen ikasi behar dugu. Ikuspegi berri hau hartzerakoan erraz ulertzen da Greta Thumbergh-en haserrea eta baita mundu osoan mobilizatzen ari diren gazteena ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak