Behar bereziak dituzten pertsonen kasuan inklusioaz hitz egiteari oso egokia deritzot, gure gizartean albo batean kokatzen ditugun pertsonak baitira; eta horien gizarteratzea, barnean hartzea, guztiz beharrezkoa da, bai behar berezidun pertsonentzat, baita gizarte osoarentzat ere.
Egia da gizartea aldatzen ari dela, eta gaur egun mendekotasun egoeran bizi diren pertsonentzat lanpostuak sortu edo kirol jarduerak bultzatzen direla, besteak beste. Hala ere, kasu gehienetan, jarduera hauek ez dira gizartearen erdian kokatzen; hau da, lantegi arrunt edo ohiko kirol txapelketetan integratzen. Esparru bereziak sortzen ditugu haien garapenerako, ezinezkoa iruditzen baitzaigu mendekotasun egoera duen pertsona bati gure ohiko espazioak zabaltzea. Gainera, horrela babestu egiten ditugula iruditzen zaigu.
Hezkuntzan ere gizartearen bide beretik goazela esango nuke, baina zertxobait aurrerago, eskolari beti eskatzen baitzaio gizarteak tapatzen ez dituen hainbat zulo estaltzea. Gaur egun, haur gehienak eskolaratzen dira, zailtasunak zailtasun; baina behar bereziak dituzten ikasleen inklusioak curriculumaren exijentziarekin topo egiten duenean, bide berriak sortzen dira; horren inklusiboak izaten ez diren bideak, gehienetan.
Behar bereziak dituzten ikasleen eskolaratzean zailtasun gehien izaten dituztenak oso mendekotasun maila handia duten ikasleak dira. Haur horiek, askotan, sistema motorra, kognizioa eta zentzumenak ere kaltetuta izan ditzakete. Ondorioz, eduki kurrikularrekin lotutako jarduerak jarraitzeko zailtasunak oso txikitatik azaltzen dira. Egoera horren aurrean, gurasook irtenbideak nahi izaten ditugu, eta hezkuntza sistemak proposatzen duena gehienetan, guraso eta haur horiek babeste aldera, haurrak eskola berezietara bideratzea izaten da, eskola arruntetik at.
Gure bailaran baditugu joera hau apurtzen duten bi kasu aipagarri, eskola arruntetan oso mendekotasun maila handia duten haurrak eskolaratzen dituzten bi tximeleta gela: bata Lehen Hezkuntzan, Eskoriatzako Luis Ezeiza herri eskolan; bestea Bigarren Hezkuntzan, Arrasate Institutuan. Aspace garun paralisiaren elkarteko bi gela egonkor hauek gure bailarako Goieskolako bi zentro publikotan daude. Eta bideak egitea erraza inoiz ez denez izaten, bi gela arrakastatsu hauek ere izan zituzten beraien zailtasunak hasieran.
Ikastetxe batean gela berri bat zabaltzea beti da pozgarria, baina bertara datozen bost ikasleen mendekotasun maila oso handia denean, poza baino zerbait gehiago behar da. Eskoriatzan inplikazioa aurkitu genuen: Aspaceko profesionalena, Luis Ezeizako irakasleena, langileena eta, ezin ahaztu, ikasleena eta guraso elkartearena. Tximeleta gelak 2014ko irailean gelak zabaldu aurretik, kolektibo hauek guztiak aktiboki lanean ari ziren: haurren egoera zein zen ikusten edo haien eguneroko beharrak ikastetxeko jardueretan nola uztartuko ziren pentsatzen. Aniztasun mota berri horri beldurra galtzen, azken finean.
Babesa hitzak, zaintzeaz gain, gordetzea ere esan nahi du, eta, askotan, bigarren esanahia gailentzen da. Zailtasun ugari dituen haurra, babestearren, eskola berezi batera badoa, beste haurrek ez dute haren berririk izango, eta ez dituzte haren zailtasunak ezagutuko, ezta normalizatuko ere. "Krisi epileptiko bat izaten badu gela arruntean, gogorra izango da, baina irakasleak lasai bagaude, haurra bere onera datorrenean, besteei naturaltasunez azalduko diegu zer gertatu zaion". Nire semearen irakasle batek esaldi hau esan zidanean ulertu nuen zer-nolako prestakuntza lana egin zuten, alde batetik, eta inklusioa nola ulertzen zuten, bestetik.
Tximeleta gelan irteerak egin dituzte; adibidez, gaua pasatzea aterpetxe batean, gelako beste hogei lagunekin batera. Haur gehienentzat guztiz ohikoa den jarduera hau oso mendekotasun maila handia duten ikasleen kasuan guztiz ezohikoa da. Baina esango nuke harrigarriena dela ikastetxeko haurrek tximeleta gelako haurrekin duten erlazio naturala, beldur barik gerturatzen direla; eta burua bular gainean erorita badute, esku batekin burua jasoko diote haien lepoak egin ezin duen indarra eginez, beste eskuarekin bokadiloa jaten ari diren bitartean. Naturaltasunez.
Baliabideak behar-beharrezkoak dira, noski; baliabide materialak, espazialak eta pertsonalak, bereziki. Espezializazioa ere oinarrizkoa da. Hala ere, esango nuke eskola komunitate baten gogoa, inplikazioa eta gizartearen aniztasunari osotasunez erantzuteko nahia direla horrelako proiektu baten arrakastaren oinarria.
Zerbait gordetzen dugunean ezin da ikusi, eta ikusten ez dugunari buruz nekez ikasten dugu. Etorkizuneko gizartea dago gure geletan, eta etorkizunean heldu izango diren haur hauek aniztasun kognitibo eta funtzionalak dituzten ikasleekin eskola bizitza partekatzea da gizarte inklusiboa lortzeko lehen urratsa.