Esate baterako, Debagoieneko Mankomunitateak argitaratutako azken datuei erreparatuta, Bergaran otsailean %82,43koa izan da edukiontzi bidez egindako bilketa selektiboaren indizea. Oñatin, berriz, %81,54koa atez atekoarekin. Hau da, Bergaran baino baxuagoa.
Gogoratu behar da, gaur egun, Oñatin eta Antzuolan baino ez dagoela atez ateko sistema. Izan ere, gainerako udalerri guztiek edukiontzi bidezko sistemaren alde egin dute. Oso-oso datu esanguratsua da gaikako bilketa, batez beste, %80,03 ingurukoa izatea Debagoienean.
Gero eta oñatiar gehiagok eskatu du hondakinen bilketa sistema aldatzeko eta atez atekoa baztertzeko. Are gehiago, jakin dutenean Debagoieneko beste herrietan eta Oñatin oso antzeko indizeak lortu direla askoz ere bilketa-sistema erosoagoa erabilita. Izan ere, gainerako herrietan zaborra ez da egoten derrigorrean etxean 2 edo 3 egunetan, pilatuta usain txarra sortzen. Ez da kalera irten behar egunero-egunero gauez zaborrontzia esekitokian jartzeko, eta ez da jaso behar goizean berriz. Ez dago haizeak noranahi eramandako ontzia bilatzen ibili beharrik.
Hondakinak gaika batzea hobekuntza da, zalantzarik gabe, baina atez atekoak, gaur egun, ez dio balio erantsirik eskaintzen gaikako bilketari. Hortaz, nola justifikatzen du EH Bilduren udal gobernuak azken bost urteetako inposizioa? Zergatik jarraitzen dugu Oñatin askorentzat hain deserosoa den sistema horren zigorrarekin?
Iritsi da hondakinak batzeko sistema aldatzeko unea. Eta iritsi da, batez ere, herritarrengan konfiantza jartzeko unea. Oñatiko familiak oso arduratsuak gara, eta gaika batzen jarraituko dugu! Garaia da EH Bilduren gobernuak oñatiarrenganako konfiantza agertzeko: aukera eman behar die Oñatiko familiei frogatzeko edukiontzi bidez ere oso datu onak lortzen direla –edo atez atekoarekin baino hobeak–. Aldaketarako garaia da!
----------
Lourdes Idoiaga
Oñatiko EAJ-PNVren udal taldea
Oñati