Zaindu dezagun gure herri ondarea

Erabiltzailearen aurpegia Lourdes Idoiaga 2016ko urr. 9a, 00:00

Dagoeneko hainbat eta hainbat oñatiar gogaituta daude herriguneko espazio publiko zein pribatuak pankarta, pintada, kartel, pegatina, eta abarrekin josita ikusteaz.

Zoritxarrez, egoera hau ohiko irudi bihurtu da gure herrian. Gaur egun, edozein eragilek antolatutako jardunaldi, ekintza edo bestelako ekimenak nahikoa aitzakia dira gure herri-ondarea zikindu eta hondatzeko. 

Ildo honetatik, Oñatin, herrigunearen kutsadura bisuala –pankarta, pintada, kartel, pegatina...– areagotzen ari dela nabarmendu nahi dugu; dagoeneko arazo bilakatu dela esatera ere ausartzen gara. Kartelak inolako errespeturik gabe kolaz itsatsita agertzen dira ia egunero. Aipagarria da, besteak beste, adierazpen libreko guneetan dagoen zikinkeria eta eremu hauen garbiketa eza. Era berean, Kultur Etxeko paretak eta beste hainbat eraikin historikotakoak ere ia beti pintadaz apainduta aurkitzen ditugu eta Bidaurreta eta Orbea Etxe ingurua sarritan daude pankartaz josita. 

Gogoan izan behar dugu herri-ondarea –eraikin historikoak, monumentuak, Kultur Etxea, ikastetxeak, elizak, lorategiak, hesiak, hormak…– oñatiar guztiona dela. Beraz, Oñatin gustura bizi eta gure herriaz harro egoteko ezinbestekoa da gurea dena guztion artean zaindu, errespetatu eta babestea. Horretarako, ariketa pedagogiko sakona egin eta baloreetan oinarritutako heziketa sustatu eta indartu behar dugu; honen eredu da, esate baterako, Herri Hezitzailea proiektua.

Etorkizuneko Oñati eraikitzeko garrantzitsua da belaunaldiz belaunaldi herri-irudia zaindu eta hau garbi mantentzea. Ingurumena zaintzearen eta herri atseginaren aldeko jarrerak, beraz, ezin du diskurtso hutsa izan. Ezinbestekoa da gure herriak islatzen duen irudia zaintzea. 

Gure iritziz, ezin daitezke normaltzat edo ohikotzat hartu, adierazpen askatasunaren eta aldarrikapen politikoen izenean, espazio publiko zein pribatua zikintzen eta kutsatzen dituzten pankartak, pintadak, kartelak, pegatinak… Horietan agertzen diren erasoak, irainak, mehatxuak eta mezuak hiri-altzarien parte izateak ezin du, inola ere ez, normala izan.

Bukatzeko, ezin dugu ahaztu zikindutako espazio publiko eta pribatuak garbitu egin behar direla horrek dakarren gainkostuarekin.

----------

Lourdes Idoiaga eta Jon Kepa Gerrikagoitia

(EAJren zinegotziak Oñatiko Udalean)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak