Sahararrak, maila bat beherago

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gomez 2016ko mai. 20a, 00:00

Gaur, maiatzaren 20a, 43 urte bete dira saharar herriak independentziarako bidea hasi zuela.

1973ko maiatzaren 20an, Fronte Polisarioak Sahararen birkolonizazioa hasi zuen, eta 1975ean Espainia joan egin zen handik; Marokori utzi zion saharar lurraldea, trukean  haren baliabide naturalen portzentaje bat jasota. Orduan, borroka Marokoren aurkakoa izatera pasatu zen.

1991n, Nazio Batuek bitartekari lanak egin zituzten gatazkan, eta su-etena izan zen; elkarrizketak hasi ziren, baina ez zen akordiorik lortu. NBEren barruan, Frantziak eta Espainiak beto-eskubidea dute gatazka konpontzeko erabakiei dagokienez, eta oso zaila da haiek zerbait egitea Marokori kalte egiteko.

Gaur egun, sahararren egoera oso gaitza da: immigrante izaera lortzeko eskubiderik ere ez dute, maila bat beherago daude.

Estatu bako gerrako errefuxiatuak izan dira beti, herrigabeak; orain dela gutxira arte, munduan barrena ibil zitezkeen, legalki, Sahara ondoko herrialdeek ematen zizkieten igarotze-pasaporteekin. 

Baina orain, zortzi hilabetetik hona, pasaporte horiek ematen zizkien gobernuak emateari utzi dio, maila administratiboan aldaketak izan direla argudiatuta. Horren ondorioz, munduan sakabanatuta gelditu dira sahararrak, egoera larrian; izan ere, ofiziala edo legala den ezer ezin dute eskatu, ezin dute bidaiatu eta familiak ezin dira elkartu ere egin. Asko eta asko dira, gurasoak eta seme-alabak, batzuk Saharan daudenak eta beste batzuk handik kanpo, eta ezin dira mugitu.

Aurreko egubakoitzean, Debagoieneko sahararren kolektiboa aurkeztu zen Arrasaten; euren helburua da  gure gizartean kolaboratzea eta parte hartzea, etxean bezala sentitzen baitira. Hori dela eta, herritarrak ezagutu gura dituzte, baita herritarrek eurak ezagut ditzaten ere, ekintzak eta kulturarteko ekitaldiak  antolatu gura dituzte, proiektu interesgarriak dauzkate...  Herritar guztiei zabalik dago elkartea.

Gaur, eraikin publiko eta pribatu batzuetan, SEADen banderak jarriko dituzte (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa), herri sahararraren 43 urteko zapalketa eta euren estatu propioan libre izateko daukaten eskubidea aldarrikatzeko.

-----------

Luis Gomez

(Irabazi Aretxabaletako zinegotzia)

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak