Euskara irakaslea eta homo pasmatua

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Goikoetxea 2019ko eka. 14a, 09:04

Irakaskuntzan urte gutxi daramagu. Irakasle lana gutxi ez, eta badirudi euskara irakasle izateagatik esfortzu estra bat dagokigula, baita sufritze estra bat ere.

Nerabeekin lanean dihardugu eta traba barik esan genezake krisi kultural baten erdian gaudela: sozializazio eredu berriak agertu dira eta botere zein aldaketaabiadura izugarria da. Zer esango dugu, bada: hau da tokatu zaiguna.

Ikasturte amaiera honetan, UEUko Soziolinguistika Hiztegi Txikian Manex Agirreri eta Josu Amezagari entzundakoak ekarri nahi genituen paperera.

Lehenak, Arabako gazteek hitza hartzeko dituzten guneen inguruan hitz egin zigun. Ondorioa garbia izan zen: geroz eta gizarte bakartiago honetan, gazteek aukera gutxi dute hitza hartzeko, are gehiago euskaraz. Bertso eskolak hau bermatzen duten toki gutxietako bat dira.

Josu Amezagak beste ertz batetik heldu zion hitzaldiari eta arduraz mintzatu zen gure kultura kontsumoaren gaiaz. Datuak ez dira egun behar luketen bezain onak.

Etxetik euskara jasotzen ez duten haurrek bai, noski, ez dute beraien motibazioz izen-ematen euskarazko eskoletan. Garbi dago erabaki honen atzean gurasoak daudela, eta iruditzen zaigu ikasleak heztea helburua duen eskolak gurasoei zein herriari gehiago erreparatu beharko liokeela. Baina zer gertatzen da txikitatik euskara jaso duten haur horiekin? Zein atxikimendu daukate gaur eta hemen euskararekin, herriarekin, kulturarekin? Zergatik?

Ttap aldizkariko kulturgile askori ere mezu antzekoak entzun dizkiegu: esku hartu beharra dago, eta guztiok eragin behar dugu. Unai Iturriagak esaten zuen bezala azkeneko elkarrizketan: "Hemen egin behar dena da: egin".

Selektibitateko euskarako proba ere hari beretik joan da. Andu Lertxundiren testuak amuen inguruan dihardu eta dio gaur egun ez duela ikusten aspaldi ohore gutxi baina erakarmen handia zuten produktu haiek bezalako amurik, umeei –eta gazteei ere– lilura pizteko modukorik.

Ahalegin estra hau gutxi batzuen eskuetan gelditzen ari den sentsazioa daukagu, eta ez, ezin dugu bakarrik. Euskara irakasleak ezin du bakarrik.

----------

Larraitz Goikoetxea eta Malen Ugarte

Kurtzebarri BHI

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak