“Zuek ezpazerate kontentu / errua ez daukat, ez, nik: / txistuak jo dituzue bainan / maite zaituztet oraindik!”, kantatu zuen Urepeleko artzainak. Txistuak txalo bihurtuta, bertsolaritzaren une antologikoenetako eta gogoratuenetako bat sortu zuen Fernando Aire Xalbador-ek (Urepel, 1920-1976) 1967ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa hartan. Xalbador aipatuta, Odolaren mintzoa obra ere badakar gogoak: bizitzarekiko zuen ikuspegi berezia eta bertso idatziak jaso zituen obra horretan. Antologikoa da idatzizko obra hori ere. Eta obra horrek bere heriotza dakar gogora, obra argitaratu zen egun berean hil baitzen. Bertsolaritzaren historiako bertsolari miretsienetakoa 1976an, jaioterrian bera omentzen ari ziren egun berean, bat-batean hil zen ondoezak jota.
Xalbador-engandik ezagunenak diren kontu horiez harago, Xalbador: izana eta izena dokumentalarekin Urepeleko bertsolaria eta artzaina ezagutzeko eta ezagutarazteko aukera ikusita, Lekaixoka bertso-eskolak Aretxabaletako Udalari dokumentalaren emanaldia elkarlanean antolatzeko proposamena egin zion. Udalak proposamenari helduta, egubakoitzerako antolatu dute emanaldia: Arkupe kultur etxeko Zaraia aretoan izango da, arratsaldeko 19:00etan. Eneko Dorronsoro zuzendaria bertan izango da: emanaldiaren aurretik, dokumentala aurkeztuko du ordu laurdenean; eta, emanaldiaren ondoren, entzuleek galderak, gogoetak edota ekarpenak egiteko aukera izango dute.
Iazko Durangoko azokan aurkeztu zuten dokumentala. Aurkeztu eta bi hilabetera iritsiko da Aretxabaletara, beraz. Dokumentalak Xalbador-en lau seme-alaben bidez egiten du Xalbador bertsolariarengandik Ferrando laborariarenganako bidea. Seme-alabez gainera, hainbat gertukok, adituk eta, besteak beste, Amets Arzallus, Xabier Amuriza eta Jon Lopategi bertsolariek ere hartzen dute parte dokumentalean. Dorronsorok dokumentala garatzen egindako lan mardularen ondoren, dokumentalarekin Xalbador entzun duela sentitzen du: “Urepeleko mendi hegaletan bere ahotsa entzun izanaren irudipena daukat. Kantari ari zen”.