Irudipena neukan Oiarbidek zaborren eta hondakinen gaia behin eta berriz jorratu duela Azken berba zutabeetan. Baina objektiboa izan nahian, hemerotekara jo dut. Eta gai horrekin lotutako idatzien kopurua uste nuena baino handiagoa da: Oiarbide, gutxienez, 19 iritzi artikulutan aritu da atez atekoaren kontra, 2011tik hona. Ezin esan Goienak ez dionik gai horri buruz duen iritzia emateko lekurik eskaini.
Badut, gainera, sentsazioa Oiarbidek zutabea alderdikeriaz erabili duela askotan; bereziki zaborren gaiarekin, baina baita beste gai batzuekin lotuta ere. Zer da alderdikeria? "Alderdi jakin baten iritziekin bat egitea edo haiei men egitea, interes orokorra aintzat izan gabe". Beste era batera esanda: alderdi jakin baten ideiak interes orokorreko gisa aurkeztea. Propaganda egitea, alegia. Hori ere adierazpen askatasunaren parte izango da, baina komunikabide publiko batean iritzi zutabe bat alderdikeriaz erabiltzea ez da etikoa, nire ustetan. Hori ez al da "marra gorria gainditzea"?
Oiarbidek 2012ko apirilean idatzitako zutabe batean honela zioen: "Iritzi desberdinak errespetuz eta baldintza berdinetan adieraziz, edozeinek du aukera esaten dena egia, gezurra edo erlatiboa den epaitzeko". Eta "baldintza berdinetan adieraztea", horixe da Goienatik eskatu diotena. Ez besterik. Izan ere, guztiok ez daukagu hilabetero zutabe batean gure iritzia emateko aukerarik.
Baliteke nire iritzia bakarrik izatea, baina herritar xume bezala –ez naiz politikaria, ez nago inongo alderdi politikorekin lerrokatuta– asper-asper eginda nago gai serioekin egiten den erabilera politikoaz. Goienako zutabeetan iritziak irakurri nahi ditut, alderdien sigletatik harago, eta ez alderdien arteko tirabirak.
----------
Leire Etxeberria
(Goienaren irakurle bat)
Oñati