... (apirilaren 12an eta 13an) eskuorri batzuk banatu zituen atez atekoaren kontra eta bosgarren edukiontziaren alde.
Bertan datu iraingarriak zabaldu dituzte eta horren aurrean gure azalpena ematea pentsatu dugu Eskoriatza Zero Zabor-eko kideok.
Une honetan, eta gaia zein zikinduta dagoen kontuan harturik, gainera, ez zaigu onargarria iruditzen esatea Antzuolan hondakin guztiaren artean organikoaren %18,2 jasotzen dela eta Eskoriatzan, berriz, bosgarren edukiontziarekin etorkizunean %46 jasoko dela.
Bosgarren edukiontzia hainbeste goraipatzen duzuenoi, ez litzaizueke gaizki etorriko PIGRUGi begiradatxo bat botatzea (PNVk bere garaian onartu zuen hondakinak kudeatzeko plana da PIGRUG). Hona hemen zer dioen PIGRUGek bosgarren edukiontziari buruz:
-(PIGRUG) "Organikoaren borondatezko jasoketan (bosgarren edukiontzia) herritarren parte hartzeak ez du %20-25 gainditzen. Kalitatez eta kantitatez gaikako materia organikoaren bilketan datu onak ziurtatzen dituen sistema bakarra atez atekoa da".
PIGRUGek esaten du hori!
Datu batzuk: Hernanin atez ateko sistemarekin astebetean Zarautzen bosgarren edukiontziarekin hilabetean baino 10 aldiz organiko gehiago bildu zen.
Edukiontzien sistemarekin 442,1 tona errefus (birziklatu gabeko zaborra) bildu zituzten Hernanin 2009ko maiatzean. 2010ean, atez ate, 68,1 tona besterik ez
Hilabete bakar batean (2010eko martxoan) Usurbilek 77 tona hondakin organiko bildu zituen atez ate. Gipuzkoan bosgarren edukiontzia zuten herri guztiek batera 70 tona bildu zituzten hilabete berean.
Bosgarren edukiontziak herri batean sortzen den hondakin organiko guztiaren %15 inguru besterik ez du biltzen.
Atez atekoak %100 biltzen du (%99, nahi baduzue).
Atez atekoa hondakinen %80 jasotzera iristen da.
Bost edukiontziekin %35era iristen da kasurik onenetan.
Eta zer egin behar dugu gainontzeko %65arekin ?
Bost edukiontzien sistema ezinbestean errauskailuarekin lotzen da.
Eta Eskoriatzan ez dugunez errauskailurik nahi, zubietarrentzat ere ez dugu horrelakorik nahi.
Eman diezaiogun aukera bat atez atekoari.
--------------------
Lorea D. de Gereñu
(Eskoriatza Zero Zabor)
Eskoriatza