Etorkizuneko oroitzapen positiboak nola sortu

Prospektiba estrategikorako tresna garrantzitsuenetako bat eszenatokiak irudikatu eta bakoitzak sortuko dituen egoerak analizatzea eta ondorioak ateratzea da.

10 urtetik gorako epeetara begira etorkizuna aurreikusteko erabiltzen da. Ziurgabetasuna gailentzen den egoeretan erabakiak hartzen laguntzeko baliagarria da tresna hau.

Gizon-emakumeon garunak aurreikuspenak sortuz eta frogak eginez ikasten du. Gertakari hipotetiko bat aurrez bizi izateak egoera horretan emango genukeen erantzuna aurrez entrenatzeko aukera ematen digu. Hau da, etorkizuneko oroitzapenak sortuz gero, prestatuago egongo gara etorkizunean gertatu daitekeenerako. Dena dela, etorkizuneko oroitzapen hauek positiboak ala negatiboak izan daitezke eta bat izan ala bestea izan erabakigarria da. 

Pertsonen psikologiak eragin handia dauka beren etorkizuna positiboa izango dela aurreikusteko. Iraganari buruzko begirada negatiboaren eta etorkizunari buruzko irudi negatiboaren arteko korrelazioa erabatekoa da. Etorkizunari buruzko begirada negatiboak etorkizun positiboa irudikatu eta imajinatzeko gaitasuna mugatu egiten du.

Etorkizuna positiboa izango dela sinisteak presentean gure portaeretan eta erabakietan eragiten du. World Economic Forumek 24 herrialdetako 6.000 parte-hartzailerekin egindako ikerketa batek horixe ondorioztatzen du; hau da, garapen ekonomikoan, aurrerapen zientifikoan eta komunitate solidarioagoa sortzeak dituen abantailetan sinisteak banakoen portaerak eta ekintzak norabide horretara zuzentzen dituela. 

Beraz, hari honi jarraiki, optimismo kontzientea beharrezkoa zaigu etorkizun positiboa eraiki nahi badugu. Motiboak ba al ditugu horretarako? Ez dakit, baina beharra, bai horixe!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak