Zeregin zehatzak egiteko gizakien adimena beharrezkoa zen kasuetarako sistema eta programak sortzen hasi ginenean. Ondorengo hamarkadetan garapen handia izan du, baina gure egunerokotasunean azken hilabeteetan agertu zaigu, bat-batean. Elkarrizketa guztietan presente daukagu, ChatGPTren erabilera orokortzen hasi denetik. ChatGPT adimen artifizialean oinarritzen da, adimen artifizial sortzailea motakoa. Haren gaitasunak txunditurik gauzka. Baina maila orokorragoan aztertuta, adimen artifizialak zer-nolako eragina izan dezake gure gizartean?
Accenture-k eta World Economic Forum-ek publikatutako txosten batek jasotzen duenez, lanorduen %40ri eragin diezaiekete ChatGPTk eta halako hizkuntza-eredu handiek. Diotenez, langileok, batez beste, gure lanaren %62 hizkuntza-zereginetan jarduten dugu, eta hor du inpaktu handiena teknologia horrek. Halere, horrek ez du esan nahi langile horiek guztiek makinek ordezkatuko dituztenik. Beren hizkuntza-zereginen ordez jarduera produktiboak egiteko aukera izango dute.
Aldaketa teknologiko erraldoi horri aurre egiteko eta bertara egokitzeko bide garrantzitsuenetakoa ikasketa izango da. Langileok trebetasun berriak beharko ditugu adimen artifiziala gure lanean erabili baina giza adimenak ere lekua izaten jarraitu dezan. Horretarako, enpresek beren langileentzat bideratutako formakuntza-planak garatu beharko dituzte. Eta langileok ere formakuntzaren aldeko apustu sakona egin beharko dugu, datorkigun mundu berri honetan balioa sortzen jarraitzeko gaitasuna izan dezagun.
Lanpostu berriak sortuko dira, adimen artifizialaren hedapena bultzatu eta kudeatzera eta datuen kudeaketara bideratutakoak. Eta hizkuntza-trebetasunean eta errepikatzean oinarritutako lanpostuak, aldiz, desagertzen joango dira. Lanpostu askok, ordea, adimen artifiziala laguntzaile moduan erabiliko dute. Gizakiaren ezaugarrietan oinarritutako egitekoetan –koordinazioa, erabakiak hartzeko arrazoitzea, komunikatzea…– automatizazioranzko pauso gero eta nabarmenagoak ematen ari dira.