Negua badator ala badoa?

Ezaguna egingo zaizu Games of Thrones-en Starktarrek hainbat aldiz aipatzen duena, negua badatorrela.

Negua joan da ta, aldiz, Zea Maysek abesten du. Ekonomiari dagokionez, negua badator ala badoa? Pandemiak sortutako kalteei aurre egiteko, zorpetzea izugarri handitu behar izan zuten gobernuek. Ukrainako gerrak energiaren merkatua erabat desorekatu du, eta gobernuen lehentasunak zeharo aldatu. Ondorioz, ia ahaztua genuen arazo ekonomiko klasikoetako bat gure artean dugu: inflazioa. Prezioen igoerak sortzen du, eta prezioak igotzeko arrazoi nagusiak bi dira: kostuen igoera eta eskaria eskaintza baino handiagoa izatea. Energiaren kostuen igoerak eragin du inflazioa. Prezioak goraka doaz, eta inflazioak izango duen bilakaerari buruzko espektatibetan oinarritzen dira. Espektatibak. Ekonomia mugitzen duen kontzeptu garrantzitsuetako bat. Ekonomian prezioak erabakitzen dituztenek inflazioa igo egingo delako espektatiba badute, beren eskumeneko prezioak ere igo egingo dituzte. Prezioak igo badira, langileek soldaten igoera eskatuko dute; beren soldaten eros ahalmena manten dadin. Ondorioz, langile horien enpresen kostuek gora egingo dute. Eta hala jarraituko du, neurriak hartzen ez diren arte.

Munduko Ekonomia Foroak atera duen inkesta batek dioenez, %64k uste dute 2023an atzeraldi ekonomikoa izango dela. Ez gune ekonomiko konkretu batean, munduan baizik. Interes tasen igoera derrigorrezkoa izan da prezio hazkuntza moteltzeko. Zorpetze maila handiak albo-kalteak eragingo ditu. Soldatei dagokienez, zaila izango da prezioen hazkuntza bera izatea, eta langileen eros ahalmena gutxitzeko arriskua nabarmena da.

Gobernuak hainbat erabaki zail hartu beharrean daude. Moneta politika eta politika fiskalari dagokionez, neurri efektiboak behar dira inflazioa kontrolpean jartzeko, eta atzeratze ekonomiko ahalik eta txikiena izatea lortu beharra daukate, kaltetuenak izango direnei laguntzak bideratuz. Ez dira erronka gutxi. Starktarren esamoldetik gertuago gaude Zea Maysen abesti ederretik baino. Ea oker nabilen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak