Gerraren eraginak ekonomian

Ukrainako inbasioak eragindako gerra ondorio latzak sortzen hasi da. Sarraski humanitarioa da denetan gogorrena, noski, baina ekonomian ere kalte larriak nabari dira. Inflazioa itzuli da eta bere lehen eragin gogorrak pairatzen hasi gara.

Ekonomia azken bi urteetako pandemiaren eraginetik irteteko egokieran zegoen unean, Europako erakundeek errekuperazioa bultzatzeko inoiz ez bezalako laguntza planak abian jarritako momentuan bertan, gerra sortu da Europa erdian. Sinesgaitza.

Berriki, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (ELGA-OCDE) ekonomialari-buruak, Laurence Boonek, adierazi du lehengaien prezioen igoerek eta finantza merkatuen gorabeherek, gerrak aurrera egiten duen neurrian, BEG globala, gutxienez, %1 jaitsiko dutela, Errusian krisi ekonomiko sakona sortuz, eta inflazio globala, gutxienez, %2,5 igoko dela. Zifrak oso gutxi gorabeherakoak dira; gerra luzerako badoa, eragina okerragoa izan daiteke.

Egoera horren aurrean, hainbat neurri hartzeko konpromisoak adierazi dituzte agintariek. Errusiaren energiarekiko menpekotasuna murriztea beharrezkoa izango da, baina horrek denbora eskatzen du. Laburrera, enpresek eta familiek beren kostuetan dituzten igoerak gutxitzera bideratutako neurriak hartzea beharrezkoa izango da, jarduera ekonomikoan, enpleguan eta kontsumoan gerraren eragina moteldu dadin. Prezioen hazkuntzari dagokionez, oraingoz, energiarena eta elikagaienak izan dira, batez ere, igo direnak. Gizarteko eta ekonomiako eragile guztien arteko ardura partekatua erabakigarria izango da, prezio hazkuntza horiek ekonomiako gainerako prezioetara ez bideratzeko bere horretan, inflazioa kointurala izatetik egiturazkoa izatera pasatu ez dadin. Hori lortzen bada, krisi ekonomiko sakona saihesteko aukeran egon gintezke. Baina horretarako, lehen baldintza gerra lehenbailehen amaitzea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak