Natura eta ekonomia

Azkenaldian, klima aldaketari buruzko berriak ditugu nonahi. Zientzialariek urteak daramatzate arrisku honi buruz edonor ohartarazteko moduko ikerketa-emaitzak argitaratzen. Horren guztiorren eraginez, kontzientzia globala sortu da, bai agintari publikoen, baita hiritar gehienen artean. Premia larriko arazo baten aurrean gaude eta neurriak hartu beharko ditugu.

World Economic Forum-ek txosten bat argitaratu du, Nature Risk Rising izenburuarekin. Bertan, gizakiok naturan edukitzen ari garen eraginari buruzko hainbat datu larri agertzen dira: hurrengo hamarkadan milioi bat espezie desagertzeko arriskuan daude, mundu osoko izoztu gabeko lurren hiru laurdenetan eta itsas ingurugiroaren bi herenetan sakoneko eraginak eta atzera bueltarik gabeak sortzen ari gara. Datu bat: 2020ko Global Risks Report txostenean, bioaniztasunaren galera eta ekosistemen kolapsoa gizakiok datorren hamar urteetan jasan ditzakegun bost arrisku larrienen zerrendan jaso dira.

Gizakion jarduera ekonomikoa bioaniztasunean oinarritzen da. Munduan sortzen den BEGren erdia naturarekin eta bere egoerarekin zuzenean dago lotuta: naturaren egoeraren okertzeak ekonomian eta merkatuetan ere eragin zuzena dauka. Ondorioz, enpresek eta merkatuek ardura zuzena daukate emergentzia honi aurre egiteko estrategian. Enpresek naturan duten eragina beren prozesu eta erabaki hartzeen erdigunean jarri beharra daukate. Naturaren egoera enpresa bakoitzaren arrisku maparen barnetik aztertu, ebaluatu eta landu beharreko zerbait bilakatu da. Enpresek zeresan handia eduki dezakete arazo global honi aurre egiteko. Batetik, gizartearekiko duten ardurarengatik. Bestetik, bezeroek gero eta kontzientzia handiagoa dutelako egoeraren larritasunaz eta euren kontsumo joeretan aldagai honi gero eta garrantzia handiagoa ematen diotelako. Aldaketak sustatzeko tresna garrantzitsuenetako bat martxan jarri beharreko politika publikoak izango dira. Azken finean, hemen ere eraldaketa handi baten beharrean gaude. Naturaren iraupena bermatuko duen jarduera ekonomikorantz egin behar dugu aldaketa. Eta eraldaketa guztietan bezala, mehatxuak bai, baina aukera berriak ere sortuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak