200 milioi posta elektroniko bidaltzen ditugu, 4 milioi bilaketa egin Googlen, 38 milioi mezu idatzi Whatsappen, 500.000 tweet bidali edota milioi bat pertsona konektatu Facebookera. Milioika daturen aztarna uzten dugu. Datuok banaka hartuta ez dute balio handirik. Baina milaka milioi pertsonaren, objekturen, makinaren eta hiriren datuak batzen eta elkar gurutzatzen direnean, izugarrizko altxorra daukagu esku artean. Datuak: XXI. mendeko petrolioa. Hauek guztiak sakonean aztertzen ditu Fundacion Cotec para la Innovacion-ek Generación del Talento Big Data en España txostenean. Big data-ren bitartezko aukera hauek guztiak gauzatzeko, Internet bitarteko iraultza digitalean sortu diren azken bultzatzaileek paper garrantzitsua jokatzen dute; hala nola telefono adimentsuak, Internetera konektatutako aparailuak, hiri adimentsuak eta datu irekiak. Internetera konektatutako edozein gailuren bitartez sortzen dira datuak. Eta datu hauen sakoneko analisiak informazio eta ezagutza izugarria sortzen digu. Big data-ren eragina oso zabala da, balioa sortzeko elementu garrantzitsua da herrialde, enpresa, jarduera ekonomiko eta hiritarrentzat. 2019rako aurreikuspenen arabera, AEBetan bakarrik datuen eta beren analisien bitartez lortutako diru sarrerak ia 200.000 milioi dolarrekoak izango dira. Datuetan oinarrituta erabakiak hartzen dituzten enpresen produktibitatea askoz handiagoa ari da izaten. Eta datuen erabileraren eragin positiboak hiritarren bizi kalitatean eta zerbitzu publikoen eta pribatuen hobekuntzan zuzeneko eragina izango du.
Aldaketa hauek guztiak eta beren bitartez sortuko diren aukera berriak sakontasunez garatu eta aprobetxatzeko, izugarrizko eraldaketa datorkigu. Aurrean daukagu. Enpresa eta lan munduari dagokionez, AEBak bakarrik kontuan hartuta, big data eta analitika aurreratu arloetan 2018an 200.000 lanpostu ezin izango dituzte bete. Europan ere egoera bertsua da. Hurrengo urteetan garbi nabarmenduko da enpresek egingo duten apustua arlo honekiko, sortuko diren lanpostuak eta, ondorioz, nabarmenki izango dugun profil profesional berrien beharra.