Azken hamabi urteetan Gipuzkoako ekonomiak izan duen bilakaera neurtzen da faktore desberdinak kontuan hartuz. Garrantzitsuenak hemen jaso ditut.
2005-2016 epean industria sektoreko langile kopurua %25 jaitsi da eta zerbitzu sektorekoa, %52 handitu. Beraz, lehen ondorioa hauxe da: zerbitzuen sektoreak gero eta garrantzi handiagoa duela lanpostuak sortzeko duen gaitasunari dagokionez.
Jarduera desberdinek ez dute bilakaera bera izan. Azpimarragarriak dira eraikuntzako langile kopuruak eta bankako langile kopuruak izandako jaitsiera: %27 eta %23, hurrenez hurren. Zerbitzu sektoreak gora egin duen arren, sektore barnean jarduerek duten pisuan aldaketa handiak izan dira, batzuk indartuz –aisialdia, turismoa, zerbitzu pertsonalak eta zahartzaroarekin lotutako zerbitzu sozialak–, baina beste batzuen presentzia ahulduta –banka, esaterako–.
Hamabi urteotan soldatek izan duten bilakaera kontuan hartzekoa da. Krisi aurretik langileek jasotzen zituzten soldatak gaur egungoekin konparatuz, soldaten eros ahalmena %9 jaitsi da; hau da, soldatak batez beste %17 igo dira eta kontsumo prezioen indizea, %26 handitu. Bilakaera honek eragin negatiboak ditu errenta berdintasunaren eta ekitatearen ikuspuntutik.
Enpresen tamainari dagokionez, Gipuzkoako enpresa sarean enpresa txiki eta ertainen pisua oso handia da: hamar enpresatik bederatzik hogei langile baino gutxiago dituzte. Eta bat eta hiru arteko soldatapeko kopurua dutenak %62 dira. Datu honek enpresen arteko elkarlana eta sare lana eskatzen du, lehiakor izateko tamainak duen garrantziarengatik.
Azkenik, esan, epe honetan arlo pribatuan lanpostuak sortzen hazkuntza handiena izan duen enpresen izaera juridikoa erantzukizun mugatuko sozietateena dela; %17 gehiago kontratatzen dute. Kooperatibek, aldiz, %2,6 lanpostu gehiago sortu zituzten. Sozietate anonimoek, ordea, %25 langile gutxiago enplegatzen dituzte; kontuan hartu behar da izaera hau dutela lurraldeko enpresa handi gehienek. Arlo publikoan, berriz, administrazio publikoak %23 lanpostu gehiago ditu.