Enpresa berriak eta profilak

Espainiako GEM-Global Entrepreneurship Monitor informearen 2014ko alea eman da argitara.

Bertan, Espainiako ekintzailetza ekosistemaren sakoneko ikerketa egiten da. 

Profilari dagokionez, ekintzaileen %60 gizonezkoak dira eta %40k goi mailako ikasketak dituzte. Batez besteko adina, berriz, 40 urtekoa da. Honez gain, informean urtez urte nabarmentzen doazen joerak agertzen dira eta jarraipena egitea beti da interesgarria. Oraingoan ere argiak eta ilunak daude. 

Argietatik hasita, 100 biztanleko ekintzaile tasa handitu egin da, %5,2tik %5,5era. Arriskua jasateko gaitasuna neurtzen duten indikatzaileak eta merkatuan sortzen ari diren aukerekiko perzeptzioa ere hobetu dira; arriskuarekiko beldurra gutxitu da.

Ilunak ere badira. Enpresa berri bat sortzen dutenen %30ek beharrak bultzatuta ematen dute pausoa. Datu hau 2009an %15 zen. Eztabaida interesgarria sortzen da: datu hau benetan negatiboa da? Ez daukat argi, baina jarrai dezagun. 18 eta 64 urte arteko biztanleriaren %53,9k ekintzaile bidea aukera profesional ontzat dauka, azken 10 urteetako daturik baxuena. Sortutako hamar enpresetatik seik ez dute berrikuntza sustatzeko orientabiderik eta hamarretik zazpik bere lehen hiru edo lau urteetan ez daukate nazioartera jotzeko asmorik. Enpresa berrien %20k bakarrik dute hurrengo bost urteetan bost langile baino gehiago izateko helburua.

Dena dela, datu hauek orokorrak dira eta desberdintasun nabarmenak daude autonomia erkidegoen artean. Hori horrela izan arren, Euskadiko eta Nafarroako datuak ez dira txalo asko egitekoak.

Zer egin dezakete eragileek emaitzak hobetzeko? Informearen egileen ustez, hezkuntzan dago gakoa, eta erabat ados nago. Ekintzaileekiko gizarteak duen iritzia hobetzea beharrezkoa da. Ekintzaile izateko beharrezko gaitasunak landu behar dira hezkuntzan, ez bakarrik ekintzaile izan nahi dutenei bideratua. Sormena, lehiakortasuna, enplegagarritasuna eta enpresak gizartera egiten duten ekarpenarekiko balorazio positiboa sustatu eta zabaldu behar da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak