Kooperatibismoa eta merkatua

Maiatzean Hego Korean izan naiz astebete. Helburuetako bat, Arrasateko kooperatibismoari buruzko hainbat hitzaldi ematea, ekonomia sozialeko langile, arduradun, ikerlari, interesatu nahiz Parlamentuko Lan Komisioko kideei.

Beti da aberasgarria murgilduta zauden errealitate hori bera urrunagotik ikusten dutenen begiradaren eta ulermenaren berri izatea. Gehienetan, aurreiritziak eta orokortasuna gailentzen dira ñabardura eta zehaztasunaren kaltetan. Ezin da, ordea, bestela izan. Buruak ikusten baitu, eta ez begiak. 

Distantzia batetik kooperatibismoa behatzen duten horien iritzien inguruan, hainbat ohar xume, jakinak jada, aipatu nahi ditut. Hasteko, ekonomia soziala edo kooperatibak izenaren barnean errealitate oso desberdinei egiten zaiela lekua; langile kooperatibak, baina baita ekoizpen kooperatibak edo maila desberdinetako partekatzea posible egiten duten formulak. Bigarrenik, bertaratutako gehienen kooperatibismoarekiko begikotasunaren jatorria nabarmenki ideologikoa dela (enpresa antolatzeko eredu desberdina, enpresaren emaitzak banatzeko modu alternatibo eta ekitatiboagoa). Hirugarrenik, hein handi batean bigarren oharraren ondorioz, merkatu ekonomian bezeroentzat balioa sortzearen oinarrizko premisa barneratzea ez dela bat-batekoa, kooperatibaren enpresa dimentsioaz eta horrek dakartzan eragin guztiez ohartzea kostatu egiten dela. Laugarrenik, interkooperazioa dela praktikan jartzeko zailtasun handienak ikusten dituzten printzipioa, eta aldi berean, miretsiena.

Dena dela, nik ere ez dezadan beren irakurketa orokortasunetik kontatu, jokoa merkatu ekonomiaren zelaian gertatzen dela batzuek berehala nabarmentzen baitute. Unibertsitate-ikasle batek, %4ko langabezia-tasara iristen ez den herrialdean bizitzeak ematen duen indar eta segurtasunetik, galdera zuzena bota zidan: "Zein motibazio dituzte langile-bazkideek ekonomikoki ondo ez doan kooperatiba batetik beste enpresa batera ez aldegiteko?" Ba hori. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak