"Bost urte eta bost egun"

2008ko irailaren 15ean Lehman Brothers erori zen.

Langileak beren gauzak kaxetan hartu eta etxe-orratzetatik irteten ikusi genituen. Finantza erakundeetako zuzendarien artean, berriz, izu aurpegiak nagusitu ziren. Erorketa hark, orratz zorrotz bat balitz bezala, azken 15 urteetan puztutako finantza burbuila lehertu zuen. Eztanda entzun zuenik ez zen izan. Hemen ingurura ere iritsi dira bere oihartzunak.

Zerk sortu zuen burbuila? Zergatik lehertu zen? Galdera hauei erantzuna emateko lanetan ari dira ekonomia ikerlariak, hementxe dago beren Atapuercako aztarnategia.

Gertaera ugarik puztu zuten burbuila: itzuli ezingo zituztenei emandako maileguak, zor publiko eta pribatuari kalifikazioa jartzen dien agentzien lan eskasa, finantza merkatuen erregulazio eta kontrol malgua (edo erregulazio eza), maileguak eman eta eskatzea errazten zuten pizgarri publikoak. Diru errazak eta gehiegizko likideziak puztu zuten burbuila. 2007a zen.

Baina burbuilek bere horretan egoten ez dakite. Eta pixkanaka hustea oso zaila gertatzen da. Horrela, itzultzea ezinezkoak zitzaizkien maileguak itzuli gabe uzten hasi ziren. Eta finantza erakundeen emaitza kontu eta balantzeak hizki gorriz idaztera pasa ziren. "Too big to fail" irizpidearekin diru publiko kopuru eskergak bideratu ziren finantza erakunde pribatuetara. Beno, ez denetara. Lehman Brothers erortzen utzi zen. Eta horrek izua biderkatu egin zuen. Finantza merkatuen erregulazio eta kontrol faltak burbuilaren leherketa eragin zuen eta merkatu-ekonomiaren blokeotik oso gertu utzi gintuen.

Ondorengoa, ezaguna da. Enpresak itxi, langabezia handitu, zor publikoa hazi. Ekonomia krisian. Munduko hainbat herrialdek, ordea, gainditua dute eta iraganeko pasarte bat bezala kontatzen dute 2008koa. Europan, ordea, oraindik badugu zer egina. Zerbait ikasi ote dugu guzti honetatik? Ni baiezkoan nago. Baina hori beste baterako utziko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak