Norabide zuzenean ote?

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Goikoetxea 2022ko uzt. 17a, 00:00

Aurten Korrika pasatu da.

Oraindik euskaltzaletasunak ustez lortu duen batasuna eta loraldia digeritu ezinik gabiltzan honetan datorkigu Hezkuntza Lege berriaren eta honek ikastetxeen funtzionamenduan ekarriko dituen aldaketen presioa ate joka.

Pandemiaren arrastoez jantzitako ikasturte honi ohiko baten itxura eman nahian daramatzagu azken hilabeteak. Frustrazioa. Nekea. Gainezka eginda zaudela sentitzea. Ezinegona. Ezjakintasuna. Bizi dugun egoera zail honek inoiz baino ageriago utzi du denon osasun mentala zaindu beharra. Horrez gain, akademikoki maila kaskartu duten ikasleak nahiz edozein eratako zailtasunak dituztenak ditugu gure artean. Eta, lehenaz gain, euskaratik are gehiago urrundu direnak ere bai. 

Honekin, euskararen egoera kezkaz bizi dugunon frustrazioak ere nabarmen egin du gora. Izan ere, bizitza osoa euskaraz ikasten daramaten ikasle asko hau erraztasunez eta segurtasunez hitz egiteko gauza ez direla ikusten dugu. Ibilbide berriak aukeratu behar dituztenean erdarazko alternatibei begiratzen diete, errazago egingo duten esperantzan, euskarak zein balio izan dezakeen ahaztuta. Azalpen luze samarra tokatzen bada, erdarara edo itzultzaile neuronala moduko tresnetara jotzen du askok berehala. Alferkeria? Utzikeria? Joera kontua?

Baliteke hortik ere zerbait izatea. Izan ere, egia da hizkuntza hautuak oraindik finkatu gabe dituzten urteetan izaten ditugula gazteak institutuetan. Baina ez al da aukera paregabea handik gutxira inkontzienteki egingo duten hautu horretan euskararen aldeko arrazoiak emateko? Bada garaia erru guztia euren gain utzi beharrean, gure jardunaren inguruko gogoeta egiteko. Bizitza osoan erabilgarria ez zaien zerbait irakasten ari al gatzaizkie? Nola da posible eskolaratu zirenetik D ereduan dabiltzan 16 urteko gazte batzuek euskaraz elkarrizketa bat mantentzeko zailtasunak izatea? Oso zaila da ulertzen, baina zerbaitek huts egiten digu bidean. Euskaldunak sortzen ari gara, nola sortzen ari garen askorik aztertu gabe.

Ikastetxeetan landu beharrekoari erreparatzen badiogu, programazioak markatzen du irakasleon jarduna. Hala ere, zer zentzu du aurrez aipatutako zailtasunak dituzten ikasle hauei programazioetan ezarritako ahalera, subjuntiboa, filologietan ere ia egiten ez diren gramatikako zuhaitz infinituak… erakusteak, oinarrizko hizkuntza erabiltzeko zailtasunak badituzte? Erabat alferrikakoa da ahalegina. Eta honekin gora egiten du irakasleen porrot sentsazioak.

Etxetik euskara jaso edo ingurune euskalduna duten ikasleek, euskarazko nolabaiteko kontsumoa duten horiekin batera, hobetuko dute euren hizkuntza maila. Baina zer gertatzen da euskara eskolan bakarrik duten gainerako Euskal Herriko gazte horiekin guztiekin? Ikusitakoa ikusita, eskolan ikasten duten horrek eurentzat esanindarrik ez duela pentsa liteke. Teoria asko ikasiko dute, akaso, baina praktika gutxiegi. Eta, hortaz, askoz errazagoa zaie erdararen aldeko hautua egitea, zoritxarrez, oraindik ere euskaldun izateak sakrifizioa baitakar.

Honi guztiari, geroz eta indibidualagoa eta digitalizatuagoa den gizartea gehitu behar diogu. Globalizazioak denok berdintzera garamatza eta horretan, noski, beste gauza gehienetan bezala, txikiok ez gara irabazle izaten. Talde izaera galtzen ari gara eta hortik etor daiteke gure galbidea. Euskaldun gazte asko dagoeneko ez dira talde honen partaide sentitzen eta, hortaz, erraldoiez inguratutako gure lur honetan, zaila da hauei ahalegina eskatzea.

Duela 60 urte, euskal herritar askok izan zuten hizkuntza zahar bat berritu eta bazetorren mundu industrializatu eta modernizatura egokitzeko amets kolektibo bat. Komunitate baten parte sentitzen ziren eta honek bide neketsu horri heltzeko ilusioa eta motibazioa eskaintzen zizkien. Gaur egun, gure hizkuntzari zentzua ematen dioten balio horiek galdu ditugu. Eta, euskararen alde ia denok egon arren, ez dago bide zail horri heltzeko adinako ilusiorik. 

Esan bezala, ikasturtea oso zaila izaten ari da. Tarte honetan nahi baino gehiago gogoratu naiz Txepetx hizkuntzalariarekin eta honen teoriarekin. Hizkuntza baten ikaste prozesuan hiru edalontzi ikusten ditu hark: ezagutza-erabilera-motibazioa. Edalontzi hauek elkarrekin konektatuta daude eta batean ura igotzeak beste bietan ere igotzea dakar derrigor. Ustez, gaur egungo Euskal Herriko gazteen artean ezagutzaren edalontzia ondo beteta behar genuke. Baina, hortaz, zergatik ez du erabileraren edalontziak ere neurri berean gora egiten? Batetik, motibazioaren edalontzia ia hutsik dugulako eta, bestetik, ezagutzarenean ere ez gaudelako uste bezain goian.

Errealitatea zein den ikusita, harritzekoa al da euskara maite eta bizi dugun irakasleon frustrazioa? Euskarako saioek, lekuaren arabera, etengabeko buruhaustea eta gauzei mila buelta ematea dakarte. Izan ere, hizkuntza erakusteaz gain, hau erabili eta babestu dezaten motibatu behar ditugu ikasleak, programazioa albo batera utzi gabe. Eta arlo honetan, bat nator Jon Sarasuak behin eta berriz esaten duenarekin: arlo guztiek irakatsi behar lukete hizkuntza. Euskarako orduek ikasleen euskararekiko motibazioa eta atxikimendua areagotzeko balio beharko lukete. Ilusio hori sortzeko. Gure hizkuntzaren eta herriaren historia erakusteko. Errealitatea ezagutuz, talde honen parte senti daitezen lortzeko. Euskararen aldeko hautu kontzientea egitera bultzatzeko. 

Esanak esanda, argi dago hizkuntza bat ikasten ordu asko pasatzeak ez dakartzala bere horretan ezagutza eta hau maitatzea. Galde diezaiotela, bestela, Laudioko Udalari. Baina oraingo Hezkuntza Lege berri honek lehenaz gain euskarari orduak kentzen badizkio, zer-nolako etorkizuna izango dugu urte batzuk barru?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak