Kulturak eskola zeharka dezan

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Goikoetxea 2021ko ots. 28a, 00:00

Ikastetxeetako motorrak gelditu eta formula berriak asmatu behar izan genituenetik dagoeneko pasa da urtebete. Hasierako beldurrek gurekin jarraitzen badute ere, makinatxo bat lezio dira dagoeneko ikasi ditugunak.

Aurtengo kurtsoak eta honen berezitasunek ekarri dizkiguten ajeak nabariak izaten ari dira. Hasteko, ikasleak banaka ditugu eta eskola lau hormetatik kanpo ezin aterata gabiltza, hori ere eskola dela ahaztuta. Horrez gain, gero eta lehiakorragoa den gure gizarte honetan, ikasle autonomoak, indibidualistak, formatzen ari omen gara. Komunitatea krisian dagoen garaiotan, baina, ez al genuke ahaleginik egin behar gure curriculumetan ikasle interdependenteak sortzeko?

Irakasleok ikasleen eredu izan behar omen dugu, gure bizkar gainean ei dago gizartearen etorkizuna eta izango direnen heziketa. Ez da ardura makala. Eskola entitate isolatua ez izanik, eta gizartearen sarearen parte garenez, nola prestatzen ditu eskolak/gizarteak gazteak horretarako?

Eskolan kultura, kultura eskolan. Zer datorkigu burura kultura hitza entzutean? Askok musika, tradizioa, ohitura, literatura, hizkuntza… hitzak botako lituzkete, bote-prontoan. Baina kulturak ez al du hortik haratago beste esanahirik? Ez al du lurraldetasunarekin inolako loturarik? Munduan leku bat eskaintzearekin? Tradizio edo bide baten jarraipenarekin, zientziarekin, lanarekin?

Gaiaren garrantzia ikusirik, baina, zenbateraino lantzen dugu? Gizarte bezala zenbat kontsumitzen eta, beraz, transmititzen dugu? Azken urteetan, geroz eta ozenago ari dira honi dagozkion kezkak plazaratzen jendartean.

Askotan, programazioak estu betetzeko presioak ez digu uzten burua altxa eta hortik kanpo egon daitekeena ikusten. Edo, beharbada, pisu guztia irakasleen gain jarri beharrean, materiala sortzen eta programazioan bete beharrekoa eskatzen dabiltzan horiek dira haratago begiratu behar luketenak. Kultura sorkuntzak eskuragarri egiteko estrategia bateraturik ez izateak eskola bakoitzaren baliabideen araberako hautuak egitea dakar, irakasleen borondatearen araberako ahalegina eta denboran jarraikortasun ziurtaturik ez dutenak. Gure hizkuntzari eta kulturari osasuntsu eutsi nahi badiegu, ezinbestekoa da kultura eskolan sistematizatzea, planifikatzea eta bermatzea.

Azken urteotan, gure ikastetxeetan aniztasuna nabarmen areagotu da eta gure komunitatearen lurra duela urte batzuk baino intseguruago bilakatu da. Bide beretik, euskararen ezagutza ere nabarmen areagotu da aspaldian. Ez, ordea, krisi betean daukagun honen erabilera. Eskoletan gai hau txertatzerakoan, Euskara eta Literatura ikasgaiak sekulako pisua –handiegia– hartzen du bere gain, hizkuntza ez ezik, kulturaren baitako balioak ere lantzeko, komunitatearen aldeko lanean jarraitzeko. Gu bakarrik ote gara, baina, gizarte eta kultura honen parte?

Bai. Eskoletako programazioetan, eduki hauei dagokienez, oso bakarrik ikusten dugu geure burua. Arlo askotan txertatzeko oso gai zaila dela entzun behar izaten dugu eta ikasleak motibatuta izatea kosta egiten dela. Eduki eta praktika batzuk sistematizatzea falta zaigu, formakuntzaz gain; gogoa egon badago eta. Eraldatzeko garaia da. Kultura eskolan landua eta prestigiatua izan dadin sekulako ahalegina egiten ari dira zenbait, eta herri-ekimen ugarik ere hezkuntza arautuan kultura jorratzeko egitasmoak sustatzen dituzte. Hauek, baina, oso proiektu hauskorrak izan ohi dira.

Asko gara hizkuntzaren egoerak kezkatzen gaituenak. Hala, bada, gizarte nahiz norbanako bezala kulturgintzari bultzada bat ematen hasteko garaia heldu zaigu; atxikimendua, lotura, lur bat osatzeko eta komunitatea sortzeko tresna ezin hobea baita kultura.

Gure hizkuntzaren eta gizartearen etorkizuna orain hezten ari garen gazte hauen esku dago. Kultura gizarte atxikimendua lortzeko tresna lagungarria denez, eskolaren lanak behar luke ikasleei bertako kultura ezagutaraztea eta, are inportanteagoa dena, honekin lotutako esperientziak biziaraztea, bizi dugun horrek entzuten edo irakurtzen dugunak baino askoz ere eragiteko gaitasun handiagoa baitu. Esan beharrik ez dago kultura-esperientzia hauek munduan leku bat egiten eta zentzuaren eraikuntzan ere laguntzen digutela.

Zailtasunak eta erronkak. Hezkuntza-guneetan sorkuntzak eskuragarri jartzeko espazioak sendotzeak funtsezkoa behar luke: aspaldian hainbeste gutxitu diren liburutegiak, bideotekak, arte-erakusketak, laborategiak, baratzeak... Diziplinartekotasuna sustatzea ere beste gakoetako bat da, diziplina artistiko eta kulturalen artean sareak sortu eta ikusgarritasuna elkarrekin elikatzeko.

Bukatzeko, ez genuke aipatu gabe utzi nahi gogoan dugun norbaiten esana. Eskoletako kultura-transmisioa brokoliarekin konparatu zuen. Denok dakigu zein diren euren onurak, baina oso gutxi gustatzen zaigu –adin tarte batean, bereziki– hauek kontsumitzea. Horra irakasleon borroka! Brokoliari buruz ezer gutxi dakien eta entzun nahi duen ikasle taldeari honen onurak, propietateak... zein diren modu dinamikoan ikusaraztea eta hau kontsumitzeko ateak zabaltzea.

Duela urtebete, inork ezin zezakeen pentsa zer genuen aurrean. Handiegi ikusten genuen gure begien aurrean etorkizuna. Zalantza, kezka, ezintasun… garai honetara ere egokitu gara. Ez uste bezain gaizki, gainera. Ez dezagun, bada, gure burua eta egokitzeko dugun gaitasuna gutxietsi. Eta ez dadila izan COVID garai hau immobilismora eta konformismora eramango gaituen aitzakia perfektua.

Onik gabeko txarrik ez denez, ikus dezagun egoera hau aldaketarako aukera modura, ez eragozpen modura.

Eutsi, irakasle, lortuko dugu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak