Bihotzez ikasten

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Arando 2014ko mar. 7a, 00:00

Gure semeak garrantziko gai bat du bere bizitzan: erraldoiak. Erraldoiak eta hauen mundua berarentzat gauza serioa dira.

Errealitatea eta bizitza hauen bitartez bizitzen ikasi baitu. Hauen bitartez, esperimentatzen ditu beldurrak eta desirak, irrikak eta emozioak, gerturatzea eta aldentzea, negarrak eta mugak… Hau horrela dela ikusirik, erraldoien bitartez esan eta adierazi nahi digun guztia gustuz jasotzen dugu. Ondorioz, guretzat ere erraldoien gaia serio    bilakatu da. 

Atzo semea eskolara eramateko plazera izan nuen, eta horri esker, eskolan esku artean duten proiektuaz bertatik gozatu nuen. Itxura denez, ez da gure semea erraldoiak maite dituen bakarra. 3 urtekoen geletan makina bat omen dira pasio hori dutenak. Erraldoien gaia proiektu bilakatuz, irakasleek pasio horri heldu eta ikasteko irrika sortu dute eskolan. Erraldoien bitartez, mundua ezagutu eta sentitzen ari dira. Geografia, sormena, musika, talde lana, hizkuntza, mitologia, historia… Haurrek Tuterakoak, Aretxabaletakoak, Cintruenigokoak, Bilbokoak eta Tolosako erraldoiak non bizi diren jakin nahi dute. Erraldoiei esker Euskal Herriko txoko ezberdinak eta Euskal Herria bera deskubritu nahi dituzte. Sormena, globoak eta egunkari paperak erabiliz, sortutako kiliki eta erraldoiekin jolasean aritzen dira… Dantza eta doinu ezberdinak dantzatu eta abesten dituzte. Sancha, Martin… Arrasateko erraldoiei esker, Euskal herriko historiako pasarte batzuk ezagutu dituzte. Lurra, haizea, sua… Iruñeko alde zaharreko konpartsari esker, natura gurtzen ikasi dute. Begiak eta ahoak zabaldu zaizkie Mari, Lamina, Errementari, Tartalo… pertsonaien kontuak entzunda. Bizitzaz ikasi dute, baina, batez ere, gozatu egin dute. Eskolatik irteten nenbilela harro sentitu naiz. Harro txikitxoez. Harro semeez. Harro irakasleez. Harro eskolaz. Bihotzez irakasten ari direla sentitu dut. Bihotzez ikasten ari direla. Eskerrik asko benetan!

----------

Larraitz Arando

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak