Bergara herri hezitzailea izango bada

Erabiltzailearen aurpegia Lander Juaristi Lasa 2021ko urt. 30a, 00:00

Hego Euskal Herriko herrietan 2021eko ekainerako 30 km/h mugikortasun abiadura muga jarriko da. Bergaran neurri hau martxan jartzeko erabakia aurreratu egin da, eta Debagoienean martxan jarriko duen lehen herria izango da. Bergara Herri Hezitzailea taldetik erabaki hau poztasunez hartu genuen. Neurriaren lehenengo helburua bide segurtasuna handitzea da, eta gutxiago kutsatzea ere eragingo du; herri hezitzailearen ikuspegitik era honetako neurriek onura handiak dakartzatela uste dugu. Guk amesten dugun Bergara horretarantz urrats moduan ikusten dugu.

Azken hamarkadetan, ordura arte horren ohikoa zena arraro bihurtu da: haurrek beraien herriak oinez zeharkatzea jolasteko, ikasteko edo lagunekin elkartzeko guneetara iristeko. Poligonotik plazara joatea edo Martokotik igerilekura. Azken urteetan, gure herri eta auzoetan, oinezkoen mugikortasuna baino gehiago, kotxeen mugikortasuna lehenetsi da. Herriak kotxeek hartu dituzte, baita Bergara ere, eta beraientzat pentsatuta moldatu dira; hau guztiau, helduen mugikortasun behar edo nahiei erantzunez, noski. Helduaren mesedetara diseinatutako mugikortasun eredu honek, baina, zuzen-zuzenean eragin du haurren, nerabeen eta zaharren mugikortasun autonomorako aukerak gutxitzea. Herrietako kaleak, puntu batetik bestera mugitzeko trantsiturako bide izateaz gain, jolaserako eta bizitza sozialerako espazio ere izan behar direla uste dugu.

Azken finean, abiadura mugatzearekin batera mugikortasun atseginagorako bidea egin nahi da, herritar guztientzat –adina edo egoera fisikoa edozein dela ere– irisgarria eta erosoa den espazio publikorantz; erabilera anitzak eskainiko dituena; kutsadura atmosferikoa eta zaratak gutxituko dituena; kale lasaiagoak eta seguruagoak lortuko dituena; arlo sozialean eta merkataritzan gertuko harremanak sustatuko dituena. Bergara herri hezitzailea izango bada, herritar guztien bizitza barne-hartzen duen herria izan behar dela uste dugu. Herri hezitzaileak guztiontzako, herritar ororentzako –izan haur, aitona-amona, migratu, emakume, aniztasun funtzionala duen pertsona, gazte…–, herri hobeagoa du helburu, hezkuntza prozesu gisa ulertzen du eta berau ardatz hartuta egiten du lan.

----------

Lander Juaristi Lasa

Bergara Herri Hezitzailea taldearen izenean

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak