Hori izan da joan den urritik Zubitta kaleko asanbladan bildutakoen helburua. Ez da izan, beraz, 2019an proiektua bere osotasunean gauzatzea. Eta hori bera bergarar guztiok guk bezain garbi edukitzea nahiko genuke. Eta lan ildo bat adostuta, "proiektuaren nondik norakoaren inguruan eztabaidatu eta ekarpenak egin ahalko ditugun foro guztietan parte hartzea" izan da jorratu dugun lan ildo bakarra.
Erantzukizunez eta eskuzabaltasunez jorratu dugu.
Erantzukizunez, hainbat alorretan aurkeztu ditugun proposamen guztien bitartez: aparkaleku kontuan, trafiko kontuan, prebentzioan, irisgarritasunean, segurtasunari begira, estetikan, baita argiteriaren inguruan.
Eta eskuzabaltasunez, zentzugabeko gastuak saihestuz edota zubiaren lanak atzeratu eta kostu estrak suposa ahal zuten proposamenei uko eginez, gure kontrako erabakiak izan ahal zirela jakinda ere.
2010ean argi omen zeuden Zubittaren beharrak; eta ingurukoei galdetuta, denboran atzera egin eta Garaikoetxea lehendakari zeneko garaietara eraman gaituzte auzoko nagusienek, eta momentu hartan Mugertzan egindako bide mozketen eta mobilizazioen berri eman digute, espaloi duin baten aldeko eskaera noiztik datorren gogoraraziz.
Zer entzun beharko dugu 2030ean? 2016an proiektua landu zenetik argi daudela auzoaren beharrak zeintzuk diren? Zubiaren lanak bukatuko dira eta gu izango gara zubi berriaren lehen onuradunak, ez bakarrak; gauza bera gertatuko da egiteke dauden beste gauza guztiekin. Kasu honetan ordea, lehen kaltetuak izango gara gu… baina ez bakarrak.
----------
Lohitzune Amesti, Sofia Gimbert, Joxe Sanchez eta Aitor Garitano
Zubieta auzoko bizilagunak
Bergara