Udalak egindako obraplanteamenduak segurtasun eta ikusgarritasun eza sortzen diela aipatu ziguten. Hirigintzak, kaleko obra, trafikoa edo argiteriak, gure egunerokoan nola eragiten duen pentsatu genuen. Guri ere gertatu baitzaigu, gauez beldurragatik bakarrik ibili nahi ez izatea, gure laguna edo alaba etxera ondo datorren begiratzea, edo bidean ikusi ez dugun bizikleta edo patinete batekin susto bat hartzea.
Aste honetan bertan, Estatu Espainiarrean ozen zabaldu da Huelvan erail duten emakumearen kasua. Emakume hau kalean zebilen, korrika egitera atera zen. Pentsa al duzue inoiz zer pentsatzen dugun emakumeok kalera irtetean? Gaua edo eguna bada, ibilbidez aldatu al duzue inoiz?
Bergarako II. Berdintasun plana onartu berri da udaleko plenoan, askorentzat ezezaguna ziurrenik; plan honetako atal batean, Bergarako emakumeen segurtasuna indartuko duten ekintzak abian jartzea proposatzen da. Edo hori jartzen du, behintzat.
Eta zein harreman duten udaleko berdintasun planak, zubittako bizilagunen kexak eta Huelvako kasuak?
Gutun xume honen bidez, gure herrikideak diren pertsonen esperientziak erdigunean jarri eta kalean denok libre eta eroso ibiltzeko baldintzez arduratzea eskatu nahi diogu Bergarako udalari. Politika publikoak nondik, norekin eta nola pentsatzen ditugun aztertzea garrantzitsua iruditzen zaigu.
Berdintasun politikak martxan jartzeak emakumeon beharrak entzutea esan nahi du; bizilagunak arriskuan jartzen dituen egoerak prebenitzea; pertsona nagusiak, haurrak, dibertsitate funtzionaldun pertsonak, pertsona migratzaileak kontuan hartzea; baliabideak jarri eta espazioa publikoa bizilagunekin batera diseinatzea –haiek bizi baitira egunero bertan–.
----------
Luciana Alfaro eta Ainhoa Narbaiza
Martxanterak talde feminista
Bergara