Azken urte hauetan, inklusioaz hitz egin da maiz. Dena den, kontzeptu honi buruz hitz egiten denean, eskola garaia soilik datozkigu burura, baina hau, ez da solik eskola garaian ematen den zerbait, harantzago doa; inklusioa, pertsonaren garapena, pertsonalki, sozialki zein laboralki era duin eta oso batean bermatzen duen kontzeptua da. Hortaz, inklusioaz aritzean, ez gara soilik hezkuntza arloaz ari, lan munduaz ere ari gara.
Honen arira, KURTZEBARRI ESKOLAk, betidanik, pertsona guztien inklusioan sinistu duela aipatu beharra daukagu, ez bakarrik hezkuntza arloari dagokionean, baita lan munduan aukera berdintasuna eta inklusioa izatean ere.
Baina, zer da lan inklusioa? zer suposatzen du? nola gauzatu daiteke? gure ingurunean eta gizartean benetan ematen al da?
Gaiari ekiteko, lan inklusioa zer den zehaztu beharko genuke. Hitz gutxitan esanda, lan inklusioa, zaurgarritsun egoeran dauden pertsonek, lan duina lortzeko eta profesional gisa garatzeko aukera izateko prozedura dela esan genezake. Honekin batera, baldintza ekonomiko, sozial zein kultural egokiak bermatuko liratekeelako.
Hau da, hain zuzen ere, 2010.ean Atzegi-k eta Gureak-ek elkarlanean sortutako PAUSO BERRIAK proiektuaren xedea; desgaitasun intelektuala duten pertsonak ingurune arrunt batean laneratzearen aldeko apustua egitea, alegia.
PAUSO BERRIAK proiektuak, pertsona bakoitzarentzat enpresa edo lantoki egokiena bilatzea eta pertsonen gaitasun zein trebeziak sustatzea du helburu. Programak, hiru fase ditu: formakuntza, praktikak eta lan egonkorra eta, proiektuan parte hartzen dutenek, hiru fase hauek igaro behar dituzte lan egonkor batera heltzeko.
KURTZEBARRI ESKOLAk PAUSO BERRIAK proiektuan bere hazitxoa jartzeko aukera eta ohorea izan du. Eskolako ikasle ohia den Irati Lete-k lehengo fasea bete ondoren, iazko ikasturtean, gurekin praktikaldiko fasea egin zuen. Esperientzia polita eta aberasgarria izan zen oso; elkarrekin gozatu eta elkarrengandik gauza asko ikasi baikenituen praktikaldi sasoi hartan.
Baina Irati Leteren esperientzia ez zen praktikaldi soilean gelditu. Proiektuari jarraituz, aurten, KURTZEBARRI ESKOLAk, PAUSO BERRIAK programarekin elkarlanean, lanpostu bat sortu du Kurtzebarri eskolako jangelan Irati Leterentzat. Harrotasunez esan dezakegu, Eusko Jaurlaritza, Atzegi-k eta Gureak-ek, PAUSO BERRIAK proiektuari esker eginiko elkarlan eta ahaleginetik, gutxienez, 3 urtetarako lanpostu berri bat sortu dugula KURTZEBARRI ESKOLA-n Iratirentzat. Lanpostu sorrera honekin pertsona guztien inklusioan sakondu nahi izan du Kurtzebarrik. Era honetan, egitasmoak berak eta Iratiren ezaugarriekin lankide bat izateak, gure hezkuntza proiektua aberasteaz gain, pertsonalki ere era positiboan eragiten digu.
Iratirekin egin dugun urtebeteko bide honetan, elkarrekin soinez soin lan egiteko aukera izan dugu; ezberdintasunak berdintasun bihurtuz, ezberdin berdinak garela ikusiz, elkarlanean arituz eta elkarrengandik makina bat gauza ikas ditzakegula jabetuz.
Hiru urterako lanpostua bada ere, KURTZEBARRI eskolak etorkizunean Iratirekin bidea egiten jarraitu nahi du, dagoeneko, gure lankide eta lagun baita eta gure bidaide izaten jarrai dezan desio dugu.
Ez dezagun ahaztu, egun bakoitza aukera bikaina dela mundua aldatzen hasteko eta KURTZEBARRI eskolak, bere hazitxoa jarri duela inklusioaren bidea zabaltzeko.
Ongi etorri Irati!!