Lehen telebista zen gailu izarra, ordenagailua ondoren, eta gaur egun une oro eskura ditugu askotariko gailu digitalak. Gainean daramatzagu, eta gure ingurune hurbilarekin nahiz mundu zabalarekin konexioan egotea ahalbidetzen digute. Abantailak begibistakoak dira eta, hortaz, denbora gutxian orokortu dugu horien erabilera. Baina gaiaren inguruan hausnarketa sakonik egin gabe barneratu zaizkigu teknologia berri hauek gure bizitzetan, eta hainbat aditu arriskuak bistaratzen ere hasi dira dagoeneko.
Eta, nola eragiten du honek guztiak gure seme-alabengan? Zer inpaktu dute pantailek eurengan? Zer adinekin hasi haurrak ingurune digital horretara hurbiltzen? Zertarako erabili pantailak haurrekin? Hezkuntzaren ikuspegitik gai hau hurrengo urteetan zentrala izango delakoan, pantailen erabileraren inguruko solasaldia antolatu du Kuku Miku Elkarteak otsailaren 28rako. Saioa arratsaldeko 18:00etan izango da, elkartearen egoitzan eta Hezkuntzaren eta Komunikazioaren alorrean aditua den Amaia Arroyok gidatuko du saioa. Amaiak hainbat urte daramatza teknologia digitalen erabilera pedagogikoan sakontzen eta bere asmoa da saio dinamikoa antolatzea, bertaratutakoei gaiaren inguruko gogoeta egiteko giro egokia eta baliabideak eskainiz.