Demasa Astea bete-bete

Erabiltzailearen aurpegia

Demasa Astea ospatzen ari da egunotan Aranzadi Ikastola, herritarrekin batera, Kilometroak 2016 jaiaren bueltan.

Era askotako ekitaldiak antolatu dira aniztasuna —Kilometroak 2016ren balio garrantzitsuenetako bat— aintzat hartuta. Egubakoitz eta zapatuan izango du jarraipena, eguazteneko mahai-inguruaren eta egueneko Demasa Kantuaren eta pintxo-pote ez ohikoaren —jatorri ezberdineko pintxoak saldu dituzte herriko 17 tabernatan— ostean.

Eguaztenean, aniztasuna eta inklusibitatea aintzat hartuta, herriko hainbat eragile batu ziren mahaiaren bueltan. Honako hauetako ordezkariak: Aransgi Gipuzkoako Gorren Elkartea, Aspace, Auzoko, Gureak eta Martxanterak; haiekin batera, herriko erretiratu bat, Bergarako Udaleko ongizate zerbitzuko teknikaria eta Aranzadi Ikastolako irakasle bat. Aurreiritziak, ohiturak, gizartearen gehiengoak markatzen dituen ildoak, estandarretik kanpo daudenen zailtasunak onartuak izateko eta beste izan zituzten berbeta gai, ikuspuntu ezberdinetik begiratuta.

Ikuspuntu askotatik

Erakundeen egin beharraz bai, eta gizartea aldatzeko, inklusibitatea bultzatzeko, edo hezkuntzatik abiatuta, kultura aldaketarako errekurtsoen beharraz bai, baina, batik bat, norberaren konpromisoaz –edo konpromiso ezaz– eta aldaketaren gakoa pertsonetan eta ez horrenbeste erakundeetan dagoela azpimarratu zuten. Krisi sasoiek hainbat aukera ere sortzen dituztela aldaketetarako adierazi zuen gonbidatu batek edo bestek.

Pedro Garitanok adierazi zuen erretiratuak ez daudela gizartean aprobetxatuta eta erakundeak ez dutela aurreikusi erretiratu gazteei probetxua ateratzeko moduak eta aukerak.

Enpatiaz aritu zen Enrike Amelibia Gureak tailerreko ordezkaria eta batutakoak hunkitu zituen berba sentikor, argi eta zehatzez. Auzoko zer den, kanpotik herrira datozenekin integraziorako egiten den lanaz jardun zuen Maddi Azpiazuk eta haien arazo garrantzitsuena baliabide ekonomikoa baino gehiago etorkinekin solasean aritzeko astean ordubete emateko prest dagoen jendearen falta dela nabarmendu zuen.

Martxanterak feminismoaz aritu ziren; herrian dauden aurreiritziez. Esan zuten genero berdintasuna gizon eta emakumeen kontua dela, ez emakumezkoena bakarrik. Berdintasunaren alde aritzearren, Feminazi bezalako hitzak entzun beharraz egin zuten gogoeta Andrea Gonzalezek eta Nerea San Miguelek.

Ikuspuntuak kontrajarri zituzten Bergarako Udaleko ongizate zerbitzuko teknikari Xabier Legorburuk eta Aransgi gorren elkarteko ordezkari Iñaki Madinabeitiak; lehenengoa ezkorrago bigarrena baino, jendearen aldaketarako prestutasunaren inguruan. Aspaceko Agustin Toledok eta Aritz Bikuñak zailtasunez eta erronkez mintzatu ziren…, eta Gurutze Arregi Aranzadiko irakasleak nabarmendu zuen ikasle guztiak berdintasunez tratatzeko -edozein dela jatorria- hezkuntzatik egiten duten lana, jatorri eta kulturagatik pertsonak berekin dakarren baloreen gainetik.

Asteburuan ere bai

Mahai-inguru aberasgarriaren ostean, Demasa Asteak segida izango du gaur eta bihar.

Gaur, egubakoitza, Kricket erakustaldia eta ikastaroa izango dira pakistandar komunitatearen eskutik Aranzadi Ikastolako patioan, 17:00etan eta 19:00etan, Koldo Zuazok Euskara zaharra gizarte berrian lelopean ariko da Irizar Jauregian.

Zapatuan, umeentzako eta gazteentzako ekintzak izango dira. Lehenengoentzako, 18:00etan, antzerkia, Urrestillako musikariak, DBH4. mailako ikasleen eskutik, Aranzadi Ikastolako patioan. Ondoren, munduko dantzen potpourria, DBH 1. mailako ikasleen eskutik. Bitartean, txikitxoentzako, marrazkiak, munduko jolasak...

Gazteentzako, ostera, 19:30ean, triki-poteoa, Aranzadi Ikastolako jolastokitik irtenda eta 22:00etan, bertsio gaua gaztetxean, talde hauekin: Diablues&Bluecifer, Asea, Kaltz eta Petrol Bombs.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.