Erraustegi berri bat Bergaran

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Olaiz 2021ko aza. 21a, 00:00

Valogreen Paper BC SL enpresa Bergarako San Juan auzoko Larramendi Industrialdeko lursailean paperaren sektoreko zazpi enpresaren hondakinak suntsitzeko makroerrauskailu bat eraiki nahian dabil. Enpresak Bergarako Udalarekin eta honek ordezkatzen dituen herritarrekin maltzurkeriaz jokatu duela salatu dute ozenki bergararrek azken egun hauetan. Izan ere, enpresak bi txosten ezberdin aurkeztu ditu, bata Bergarako Udalean, hirigintzako baimena eskatzeko, eta bestea Jaurlaritzan, ingurumen baimen integratua delakoa lortzeko. Zergatik, baina, bi txosten ezberdin proiektu bat eta bakarra denean? Idatzi honen bitartez, garbi adierazi nahi dugu proiektu honen jarduera nagusia errausketa bidezko hondakinen tratamendu termikoa eta deuseztapena dela. Ez industriarako karga ez-organikoa –kaltzio karbonatoa– fabrikatzeko azpiproduktuen tratamendua, beraiek dioten bezala.

Gisa honetako eraikinek, orduro, 60.000 metro kubikoko ke-emaria isurtzen dute atmosferara, hamar metroko garaiera izango lukeen ohiko futbol zelai baten edukieraren adina. Kutsagarri arriskutsuak zabaltzen dituzte ingurura: metal astunak –merkurioa, kilo bat baino gehiago orduko, kadmioa–, substantzia kartzinogenoak –dioxinak eta furanoak eta hidrokarburo aromatiko poliziklikoak–, karbono dioxidoa bezalako berotegi-efektuko gasak, gas azidoak –352 gramo orduko eta fluorhidrikoa, 59 gramo orduko–, konposatu organiko lurrunkorrak –587 gramo orduko–, material partikulatuak –300 gramo orduko– eta nitrogeno oxidoak –7 kilo orduko–. Gainera, Bergarako hirigunetik 1,3 kilometro baino gutxiagora dago lurzorua. Bestalde, urtean 100 milioi litro ur-zikin baino gehiago isuriko ditu Deba ibaira. Lixibiatuetatik eratorritako kutsagarriez gain, paper-fabriketako 110.000 tona ere, lohien kondentsazio eta errekuntza-gasen arazketa-tratamendutik datozenak. Eta horri guztiari gehitu behar zaizkio 155.000 tona hondakinen garraioen joan-etorriek eragindakoak, urtero.

Ingurumenerako eta giza osasunerako erabat kaltegarria da jarduera ekologiko gisa mozorrotu nahi dutena. Ez du zerikusirik karearen ekoizpenarekin –kaltzio oxidoa–, hondakinen errausketarekin baizik. Pirolisia hondakinen errausketaren aldaera bat da. Halaxe aitortzen du 2010/75/EB zuzentarauak, industriako emisioei buruzkoak. Honegatik guztiagatik, garbi utzi nahi dugu, batetik, jarduera hori ez dela bateragarria Bergarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (2009) zehaztapenekin, hondakinak tratatzeko eta/edo ezabatzeko jarduera ez baita agertzen 15. artikuluan –lurzoruaren erabileren araubidea, J-1 atala– jasotako industria-jardueren artean. Bestetik, Larramendi Industrialdearen 2007ko Plan Partzialaren Hirigintza Arauak ez lituzkeela beteko. Eta azkenik, 2019an Debagoieneko Eremu Funtzionalerako onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen dokumentuan ere ez dagoela jasota jarduera.

Egoera honek erantzun irmo, jator eta bidezko bat ematea eskatzen du, gure iritziz, pertsonen eta Bergarako herriaren interesak, eskubideak, osasuna eta ingurumena lehen lerroan jarriaz eta ez, noski, negozio-interes hutsak. Horrelako proiekturik ez dugu nahi, ez hemen ez inon. Gure apustuaren iparra zero hondakinei begira jarrita dago, horiek saihestuz, murriztuz, berrerabiliz, birziklatuz.

Azkenik, esan nahi dugu baloratzen dugula Bergarako Udalak hartu duen erabakia, balio gabe utziz "ustezko hirigintzako baimen bateragarria". Jokabide hori ez da ohikoena administrazioaren esparruan. Edozelan ere, adi! Azkenaldi honetan mantra bat badabil gure herrian. Jaurlaritzatik dator erasoa –Tapia anderea buru–, udalen eskuduntzak eta autonomia murriztuz – Azpeitian aurretik, orain Bergaran…– enpresen interes ekonomikoei inongo eragozpenik gabe ateak zabalduko dizkiena. Badirudi lege berri bat sortu nahian ari dela Jaurlaritza, udalen erabakimenetik at, bere proiektuak oztoporik gabe ezarri ahal izateko. Erne egon beharko dugu herritarrok!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak