Euskara ere pandemiapean

Erabiltzailearen aurpegia Kristina Elkoro 2020ko eka. 12a, 00:00

Urte asko dira gure enpresan euskara dela gure hizkuntza. Barnera begira dauden agiri guztiak eta gure artean dauden idatzi eta azalpen guztiak euskaraz dira. Horrela jardun izan dugu urteetan eta horrekin uste genuen euskara normala eta naturala zela gure erakundean; urte askotan enpresa kontseiluak, zuzendaritzak eta bertako langileek egin duten esfortzua eta lana eredugarriak izan dira. Eta euskararen inguruan egin den planteamendu kolektiboari esker lortu da euskara maila horretara eraman eta bertan eustea. Ez erakunde barneko langileei begira bakarrik, baita erakundean interes-gune diren inguruko gizarte, hornitzaile eta bezeroen aurrean ere. Argitu behar dugu gurean hasiera-hasieratik euskaraz aritzeak esan nahi duela euskaraz soilik aritzea. Gure idatziak euskaraz sortzen dira, ez ele bitan, honek lan gehiago dakarrelako eta, jakina, erantzuna hizkuntza berean jasotzea bidezkoena delako.

Hori dela eta, konturatu gara zenbait erakundetan, administrazioan edota judikaturan euskaraz soilik aritzeak atzerapenak dakartzala, dokumentazioa itzuli behar dutelako. Ondorioz, auzi motaren arabera kalteak eragiten dizkigu. Kasu batzuetan, erakunde modura; beste batzuetan, aldiz, norbanako modura. Eta egoera honek sortzen digun beldurrak eragotzi egiten digu euskaraz aritzea.

Gertuko bi adibide aztertuko ditugu: egungo pandemiak eraginda Aldi Baterako Enplegu Erregulazioak (ABEE) eskatu behar izan ditu erakundeak eta ez dago azaldu beharrik atzerapenik gabeko erantzunak behar dituela; prozesua hasteko lehenengo komunikaziotik hasita dena gazteleraz idatzi da, ondorengo urratsetan euskarazko testuak Lan Ikuskaritzara iristen direnean atzerapenik sor ez ditzan. Erantsi behar da euskaraz idatzita balego zailtasun handiak izango lituzketela bertan aritzen diren profesional gehienek, ez baitaude euskaraz trebatuta. 

Gure erakundeak, atzerapen horiek ekar zitzakeen kalteak baloratu ondoren, aurrez hartutako euskaraz aritzeko erabakia alde batera utzi eta gazteleraz hasi behar izan du ABBE-en prozesua. Eta ez da lehen aldia hori gertatzen dena; lan-egutegi aldaketa baten ondorioz Lan Ikuskaritzan aurkeztu zen gaia, eta orduan ere dokumentazioa gazteleraz aurkeztu beharrean aurkitu ginen; bestela, itzulpenak egin beharra, batetik, eta terminologiaren ezagutzarik eza, bestetik, izugarri atzeratuko zuten-eta erantzuna.

Jarrai dezakegu norbanako jubilazio prozesuetan atzerapenak sortzen dituen beldurrak aipatzen, baina ez luke beste datu esanguratsurik gehituko. Hori dela eta, egoerari irtenbide bat aurkitu beharrean gaude.

2020ko martxoaren 2an, El Correo-k argitaratutako artikulu batek horrela zioen: "Los tribunales vascos llevan tres años sin celebrar ningun juicio entero en euskara".  Egiari zor, egun, auzi bat euskaraz eramateko epaitegira militantzia dosi handia behar dugu eta normaltasunetik urruti kokatzen gaitu, lehen aipatutako beldurrak medio. 

Halere, artikulu berean dio epaileen %9k dutela gaitasuna euskaraz aritzeko. Beraz, badago nondik hasi zerbitzua ematen. Hizkuntzaren eraldaketa nola egin behar den ezagutzen dugunok badakigu egoera linguistikoa ez dela egun batetik bestera aldatuko. Beraz, alor horietako profesionalak eta bere inguruan dagoen inguru administratiboa urratsez urrats bere zereginetan euskaraz trebatzeko planak bideratuko direla zalantzarik ez dugu. Baina, bitartean, auziak segurtasunez euskaraz aritzeko bitartekoak eskain daitezke. Euskaraz aritzeko gai diren epaileen %9 horietan oinarrituta. COVID-19aren pandemiapean modan jarri zaizkigun protokolo bereziak egokitu besterik ez genuke, euskaraz bideratu nahi diren auziak hasieratik amaierara euskaraz burutzeko. Eta, batez ere, auziak euskaraz hasteko protokolo berria martxan jartzea, sortzen dituen atzerapenak edo kalteak sor ez ditzan.

----------

Kristina Elkoro

(Elay SLko zuzendari orokorra)

Iñigo Gomez, Jose Ramon Jimenez, Josue Lazkano, Arantzazu Eguiguren, Antonio Galiot eta Asier Etxaniz

(Elay SLko Langile Batzordearen izenean)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak