Krisiari aurre egin eta aktibatzeko garaia da!

Erabiltzailearen aurpegia Kike Amonarriz Gorria 2020ko aza. 20a, 00:00

Euskararentzat ez da inoiz bolada errazik izan. Gure historian, euskaldunoi maiz gertatu zaigu ohiko oztopoei zailtasun erantsiak gehitzea. Debekuei eta jazarpenei egin diegu aurre, eta gerrak, diktadurak eta era guztietako krisiak nozitu ditugu. Baina beti atera gara aurrera, beti egon delako euskaraz hitz egiten jarraitu nahi izan duen herri bat, eta hizkuntzaren aldeko jarrera aktiboa izan duten herritarrak, egoerarik zailenetan ere, euskarari etorkizun hobea eskaini nahi izan diotenak erabilera eta transmisioa bermatuz eta hauspotuz.

Pandemia honek gogor jo du mundua, gogor jo gaitu gu, eta latza izaten ari da euskararentzat. Kontseiluaren Geroa euskaratik txostenaren aurkezpenean esan genuen bezala, egoera honetatik ateratzekotan ezinbestekoa izango da erakundeek eta agintariek behar berrietara egokitutako euskararen aldeko politikak sustatzea eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak hartzea.

Eta horrekin batera, herritarren jarrera proaktiboa, euskaraz bizi ahal izateko urratsak egiten jarraituko dutenak.

Hizkuntzak komunikatzeko eta komunitateak trinkotzeko dira. Koronabirusak, aldiz, elkarrengandik urruntzera behartzen gaitu, multzo txikiagotan biltzera, eta era guztietako ekitaldiak bertan behera utzi, atzeratu edo egokitzera. Neurri zehatzak hartzen ez badira eta euskaldunok ez badiogu hizkuntzari eusten, joera horiek hizkuntza hegemonikoak indartuko dituzte are gehiago. Egoera honetan euskararen alde jokatzea, bestalde, bada komunitatearen alde jokatzea, hau da, hezkuntza inklusiboaren alde egitea, gertuko komertzioa eta sortzaileak babestea... Euskaraz egin eta euskararen alde egotea, denon geroa eraikitzea baita.

Datozen hilabeteotan, gauden egoeran gaudela, euskaltzaleok gure aldarrikapenekin, baina, batez ere, gure praktikekin euskara bizitza sozialaren erdigunera eramatea lortu behar dugu, behar diren segurtasun neurri guztiak hartuz, noski.

Aurtengo Euskaraldia bereziki garrantzitsua ari da izaten helburu horri begira. Milaka eta milaka entitate eta herritar ari dira jada, zailtasunei aurre eginez, ilusioz eta harrotasunez beren euskararekiko atxikimendu praktikoa erakusten. Denon artean, Euskaraldi hau ere indartsua izatea ari gara lortzen.

Horregatik, Euskaraldian kontzientzia osoz eta inguruan eraginez ahobizi edo belarriprest gisa jokatzera animatzen zaituztegu, parte hartzen duzuen entitateetan euskararentzako espazioak sortu eta bultzatzera, zuen etxe eta entitateak Euskaraldiaren banderatxoekin apaintzera, eta abenduaren 4tik aurrera ere Euskaraldiari jarraipena ematera herriz herri eta auzoz auzo. Eta, horrekin batera, euskal kulturari beste bultzada ematera; ekitaldietara joanez, liburuak edo diskoak erosiz, hedabideak jarraituz, eta, batez ere, gozatuz.

Oztopoak oztopo, euskaraz bizi nahi duen eta euskara gero eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin nahi duen herri hau bizirik eta aktibo dagoela erakuts dezagun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak