Eskuz esku, bagoaz!

Erabiltzailearen aurpegia Jon Zuloaga 2014ko mai. 10a, 00:00

Lehenik, eskerrik asko eta zorionak apirilaren 12an, Gure Esku Dago dinamikaren baitan, erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimendua helarazi zenuten horiei.

Ez zen argazki makala izan Kulturateko klaustroetan atera zena; ideologia, iritzi zein ikuspuntu ezberdina duen jendea eskutik helduta. 

Hau ikusteko parada izan genuenok bihotzez eskertu nahi dugu herritar horiek elkarrekin agertzeko ahalegina bera egin izana, urte luzeetako konfrontazioari amaiera eman nahian eta guztiak oinarrizko eskubide baten aldarrian, itxaropentsu.

Herri honek, Euskal Herriak, urte luzeetan urratua izan du bere buruaren jabe izateko eskubidea, eta ez eskubidea soilik, erabakitzeko aukeraren hautua bera egitea ere ukatua izan zaio gaurdaino. 

Nork ukatu diezaioke herri bati edo gizatalde bati zer izan nahiaren hautua bera egitea? Inork ez teorian, baina fikziozko ipuin liluragarrietatik haratago, herri honek hori jasan behar izan du. 

Arrasaten, bada, beste herri askotan bezalatsu, dinamika berri bat jarri da abian eta nik, bederen, geldiezina izan daitekeen zantzuak aurkitzen dizkiot. 

Askotariko jendea elkarrekin ikustean, konturatu daiteke edonor oinarrizko eskubide batek guztiok hartzen gaituela bere baitan, nahiz eta bakoitzaren helburu edo herri egitura ikuspuntua desberdina izan. 

Inork ezin baitezake bere helburu hori lortu, lantzeko eta hautatzeko eskubidea bera ere ukatua baldin badu.

Ez noa asko luzatzera. Gustatuko litzaidake apirilaren 12ko argazkiak, atxikimendutik haratago, zerbait balekar berarekin; herri honi bere eskubideak bermatuko dizkion herri lanketa bat martxan jartzea, adibidez. 

Ez da lan makala izango eta bere denbora eramango du, gainera, baina biharko fruituek gaur-gaurko lanketa eskatzen dute. 

"Inon ez inor menpekorikan nor bere buruan jabe, herri guztiok bateginikan ez gabiltz gerorik gabe", dio euskal kanta batek, eta horri heldu behar diogu tamalez, beste aukerarik ez baitigute utzi handi-mandiek, baina indartsu bezain itxaropentsu.

Har dezagun bidea… Gure Esku Dago eta!

----------

Jon Zuloaga Ariño

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak