Baina euskalgintza noraezean ikusten dut, gure hizkuntzaren aldeko estrategietan aldaketak egiteko ausardia barik. Eusko Jaurlaritzako hizkuntz politikako arduradun poltroneroak, bitartean, ezagutzaren gorakadaren datuekin txundituta ageri dira eta "inoiz baino euskaldun gehiago daude!" errepikatzen dute. Gogoa sartzen zait galdetzeko: "Eta ehuneko zenbat igo da ingelesaren ezagutza?". Kontua ez delako hiztun kopurua igotzea soilik, baizik eta euskararen ofizialtasuna garatzea eta erabilerarako aukera erakargarriak sortzea.
Euskara akademiko eta aspergarria ari gara sortzen, latin berri bat ia. Noizko bideo jokoak euskaraz? Eta telesail eta pelikula arrakastatsuak? Youtuber-ak? Kate tematikoak? Ez da 1990a! Aisialdia eta kultura aldatzen ari dira, baina euskalgintzako erabakiguneak 50 urteko gorbatadunez beteta daude. Noiz konturatuko gara hizkuntza informala dela ia beti darabilguna, eta, hain zuzen ere, erregistro hori dela euskaraz ekoizten ez duguna? Haize freskoa behar da!