Asmakizunen beldur

Aretxabaletan landa lurrak gutxituko dituen proposamen berri bat aurkeztu da: Olatza parkea. Bultzatzaileen esanetan, gaur egun abeltzaintzara bideratutako 2,5 hektarea okupatuko lituzke, eta, esan ez badute ere, askoz gehiagoren erabilera baldintzatu. Abeltzaina naizenez, horrelako albisteek barruak nahasten dizkidate.

Herritarren eskaerei erantzuna emateko bururatu zaiela esan dute. Ideia estrategikoa eta ekologikoa ei da, gainera. Horrela planteatzeko, azterketa ere egin dutela diote. Ez dakit zer aukera eman dien eten gabe behera doan betelanak, bertan igeriputzu bat eraikitzeko.

Hemengo klimatologiak bere erabilera egun gutxitara mugatuko zuelaeta, bere egunean Ibarra inguruan igerileku irekiak egiteko ideia atzera bota zela uste dut. Ez dakit puntu hau den aldatu dena, baina beharra berriro azaldu bada, eremu hori askoz egokiagoa delakoan nago.

Aretxabaletak, ura behar zela-eta, hamabost baserri galdu zituen urtegiarekin, 80tik gora hektarea nekazaritza-lurrekin batera. Galera handia, edonola ere, lehen sektorearentzako. Gerora, industrialdeek eta handitu beharrak errekatik gertuko lurrik emankorrenak irentsi dituzte. Orain, berriz, aisialdi beharraren aroan datozkigu erasoak. Ez gara makalak beharrak sortzen.

Gure abeltzaintza jarduera zenbateraino gerturatu daitekeen hirira araututa dago, baina alderantzizkorik ez da existitzen. Kaleak ez du araurik gure eremua okupatzeko. Beti izango gara asmakizunen beldur, beti aterako gara galtzaile.

Holako ideiak bultzatzen dituzuenok, uste dut, balantzan jarriko dituzuela alde onak eta txarrak. Inoiz ez ezazue nekazaritza-lurra hutsaren hurrengo balioan jarri. Ez zuek ez eta eguzki plakak zelai ederrean jarriko dituzuenok ere.

Bizi osoa daramat baserri lanetan, esnea bertan ekoiztu behar dela sinistuta nago, eta ez Noviercasen, haragi, barazki, ardiki edo gainontzeko elikagai guztiak bezalaxe. Baserritarrok ere lur onenetan hobeto moldatzen gara. Gure ogiaren bila ez gaitzazue mendira bultzatu, hantxe ere otsoaren aurka egiterik ez daukagu eta.

-----------

JULEN ABASOLO GALLASTEGI ARETXABALET

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak