Pintaketak aldarrikatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Jone Uribe Etxeandia 2016ko urt. 9a, 00:00

PNV-PSOE koalizioak gobernatzen duen Arrasateko Udalak azken hilabeteetako pintaketak salatu ditu behin baino gehiagotan, herria zikindu eta kaltetzen dutela esanez.

Noski, testuinguru politikoan ez sakontzeko ahalegina dago Udalaren adierazpenen atzean, eta pintaketek, agitazio politikoaren baitan kokatutako ekintza diren neurrian, normalizazioak estaltzen dituen egoera bidegabeak indarrez azaleratzea dute helburutzat. Horren harira, hainbat hausnarketa egin nahi ditugu pintaketa horietako batzuk egin ditugun zenbaitek; izan ere, gure herrian normalizazio politikorako baldintzarik ez dagoela deritzogu. 

Euskal Herriko 400 preso politiko baino gehiago daude  oraindik, horien atzean gaixo larriak; eta guzti-guztiei erbesteratzea eta espetxe barruko sakabanaketa ezartzen zaie. Era berean, ehunka iheslari daude munduan zehar, oraindik Euskal Herrira itzuli ezinik. Gainera, hamaika epaiketa politiko abian dira, tartean Ino alkate ohia kartzelan sartzeko bat. 

-Espainiak autodeterminazio eskubidea ukatzen digu euskaldunoi eta Estatuaren barruko gainerako herri zapalduei. Estatuaren mugak mantentzeko, Armada, Guardia Zibila nahiz gainerako poliziak zabaltzen ditu Euskal Herrian, lurralde hau Europa osoan biztanleko polizia gehien dituena bihurtuz.

-Espainiar Estatua, nahiz gure Autonomia Erkidegoa, ustelkeriak hartutako herria da. Demokrazia faltsu baten azpian, enpresa eta banketxeen aginpidea ezkutatzen da, erosita dauzkaten hainbeste alderdiren bitartez gauzatzen dena.

-Gudarien oroimena eta borrokarako deia zeharo kriminalizatua eta jazarria dago, horren froga dira urtero horren harira gertatzen diren sarekada eta atxiloketak.

Beraz, kontua ez da herrietako hormak politagoak edo zatarragoak diren margoketa eta aldarrikapen politikoekin. Pintaketak, agitazio politikoa eta borroka ezinbestekoak dira hemen eta orain, herri antolatua erresistentziarako eta borrokarako prest dagoela gogorarazteko, eta etsaiari ozen esateko ez dugula onartuko bake faltsurik. Gogoratu dezagun herri honek matxinatzeko eskubidea duela.

----------

Jone Uribe Etxeandia

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak